Talka musikal batetik sortutako biktimen kluba

Xabi Gorostidi 2020ko api. 6a, 09:34
Julen Postigo –pianoa–, Joseba Baleztena –gitarra–, David Marin –bateria–, Jon Zubiaga –baxua–, Iñaki Urbizu –ahotsa–. (Argazkia: Victimas Club).

Jon Zubiaga musikari eta antzezle arrasatearra baxu-jole dabil Victimas Club talde berrian. "Hegazkin istripu baten moduko talka musikala" dela dio, iluna eta goxoa aldi berean; lehen kontzertuak bertan behera geratu arren, zuzeneko gogoz daude.

Laino ilunez betetako garaiak datoz kultura arloko sortzaileentzat, baina geldi geratzea ez da aukera bat, eta besapean proiektu berri batekin dator Jon Zubiaga Osoron musikari eta antzezle arrasatearra. Victimas Club du izena abentura musikal berriak, eta eskarmentu handiko musikariak batu dira bertan: Sumision City Blues taldeko errautsetatik Iñaki Urbizu Pela abeslaria, David Marin bateria-jolea eta Joseba B. Lenoir gitarrista, Siroko reggae taldeko Julen Postigo pianista eta Zubiaga bera baxua jotzen.

Jon Zubiaga Osoron: "Sare sozialetako emanaldi hauek ikusgarritasuna ematen dizute, bai, baina ez dakit kalte edo laguntza diren musikarientzat"

"Hegazkin istripu baten moduko talka musikal bat gara. Julen, adibidez, reggae mundutik dator, eta besteok askotariko estiloetan mugitu izan gara. Ez naiz etiketa-zalea, baina pop toxiko bezalako zerbait egiten dugu. The Damned eta Nick Cave handiek egiten duten antzera, distira duen iluntasuna bilatzen dugu. Une batean oso zaratatsuak izan gaitezke, eta segidan pop doinuekin leuntzen dugu, nahiz eta, badaezpada, ezpata prest dugun norbaiti burua mozteko".

Talde sortu berri batek beste edozeinek baino behar gehiago izaten du entseatzeko. Hala, konfinamenduak ez du askorik laguntzen, baina nola edo ahala moldatzen dira. "Teknologia berriek alde txar asko dituzte, baina onak ere bai, eta lokalean elkartu ez arren lanean jarraitzen dugu: audioak bidaltzen, kantuak borobiltzen... ez gaude geldi, baina ez da egoera politena talde berri bat martxan jartzeko".

Egunotan musikariak egiten ari diren streaming emanaldiek zalantzak sortzen dizkiote: "Artistak zuzenekotik bizi gara, eta horri balioa eman behar diogu. Sare sozialetako emanaldi hauek ikusgarritasuna ematen dizute, bai, baina ez dakit kalte edo laguntza diren musikarientzat".

Kontzertuak, bertan behera

Konfinamendua ezarri zen asteburuan abesti batzuk grabatzen aritu ziren Gasteizko Gakobeltz estudioan, eta aurkezpen kantarik argitara ez eman arren, jada hiru kontzertu zituzten lotuta: bi Gasteizen eta bat Bilbon. "Ze taldetatik gentozen ikusita, ezer egin gabe jendea deika hasi zitzaigun. Ikusmina sortu zen, abesti bakar bat entzun gabe ere. Kontzertu ederrak genituen aurretik, baina apirilekoak, jada, bertan behera geratu dira. Gogoz eta ilusioz gaude; ea egoera konpontzen den eta jotzen hasten garen. Alde positiboa ikustearren, ziurrenik diskoa esku artean edukiko dugu kontzertuak jotzen hasi orduko".

David Marin –bateria–, Iñaki Urbizu 'Pela' –abeslaria–, Joseba Baleztena –gitarra– eta Jon Zubiaga –baxua–. (Argazkia: Victimas Club)

Baxua, aspaldiko partez

Ia beti gitarrako sei sokak astintzen aritu izan da Zubiaga, baina, aspaldiko partez, baxua joko du. "Pela-k galdetu zidan ea baxujolerik ezagutzen nuen, eta zera esan nion: 'Oso sofistikatua ez den zerbait bada, kontatu nirekin'. Txerra eta Jul Bolinagarekin eman nituen lehen kontzertuak baxu-jole. Mahomak RIPekin egindako azken kontzertuan, adibidez, baxua jo nuen, eta, ostean, baita The Kagas taldean ere. Ordutik, ez dut askorik praktikatu, baina ez naiz hutsetik hasi". Instrumentua aldatzeak on egin diola dio: "Baxuarekin beste plano batean zaude, erritmoaren makina-gelan bezala. Ondo konpontzen naiz Davidekin, eta gozatzen ari naiz".

Beste proiektuak

Aldi berean leku baten baino gehiagotan egoteko gaitasuna du Zubiagak. Bere beste proiektuak zein puntutan dituen galdetuta, hona bere erantzuna: "Anita Parkerren, konposatzen fasean murgilduta gaude orain; beraz, geldialdi honek ez digu hainbeste eragin. Lan luze berria aterako dugu urte amaierarako, eta maiatzean aurrerapen abestia aterako dugu, bideoklip eta guzti". Antzerkiari dagokionez, Deabru Beltzarekin kale emanaldi bat prestatzen ari zen udarako, baina, une honetan "dena airean" dagoela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak