Martxoaren 14an Alarmako Estatua dekretatu zenetik larrialdi neurri ugari hartu dituzte herritarrek eta erakunde ezberdinek. Administrazio publikoaren kasuan, martxoaren 18ko 8/2020 Errege Dekretu Legeari jarraiki, hainbat udal kontratu publiko automatikoki etenda geratu dira, funtsean, zerbitzuak fisikoki ematen dituztenak.
Etendako zerbitzuak
Arrasateko Udalaren kasuan, presentzialki ematen zituen eta telematikoki ematea posible ez diren hainbat zerbitzu publiko ere etenda geratu dira; TAO zerbitzua, Lorezaintza zerbitzua, margo ikastaroa, kirol jarduera gidatuak, ludoteka eta gaztetxokoak, haurren kontseilua, udal haur eskola zerbitzua, kale hezitzaileen programa, edota turismoko bisita gidatuak.
Soldatak eta gastuak
Hala, Udalak jakinarazi du etenda geratu diren kontratuen langile guztien soldatak %100ean
ordainduko dituela. Hau da, zerbitzua ez eman arren, langileek berdin kobratzen jarraituko dutela. Gaineratu dutenez Udalak kontratistari ere ordainduko dizkio hainbat gastu: behin betiko bermea mantentzeagatiko gastuak; makineria, instalazioak eta ekipoak alokatzeko gastuak edo horien mantentze-kostuak; eta pleguan aurreikusitako eta kontratuaren xedeari lotutako aseguru-polizei dagozkien gastuak.
Era berean, jakinarazi dute Alarma Egoera bukatzean zerbitzu guztiak osasun-krisi aurreko baldintza berberetara itzuliko direla.