Nora deitu
GOIENA Bergarako Ertzain-etxearekin kontaktuan jarri da eta konfirmatu dio, maskarak dohaintzan emateko bidea Ertzaintzara deitzea dela: "Ertzaintzara deitu behar da, eta maskara dohaintzan emateko prest zaudela esan". Gaineratu dutenez, orain arte aritu dira maskarak etxerik etxe jasotzen, baina orain lagundu nahi dutenekin zerrenda bat osatzen hasi dira: "Jende askok kolaboratu du, eta maskara asko jaso ditugu dagoeneko. Horregatik, aurrerantzean zerrenda bat egiten ari gara dohaintza egin nahi duten pertsonekin, eta ospitalean maskara gehiagoren beharra izango balute, zuzenean jarriko ginateke pertsona horiekin harremanetan", azaldu dute.
Arrasateko udaltzainak eta Ospitaleko telefonista ere ari dira donatzaileen kontaktuak batzen, baina, printzipioz, astelehenera arte ez dira horiek jasotzen hasiko. Beraz, Ospitalea gehiago ez saturatzeko, hobe zuzenean Bergarako Ertzain-etxera deitzea (943 53 47 20).
Entrega puntuak
Ibai-artetik GOIENAri konfirmatu berri diote, bihar, domeka, entrega puntu bat ezarriko dutela Arrasaten. San Andres auzoan dagoen Loramendi Intersport kirol dendan kutxa bat jarriko dute, 10:00etatik 13:00etara. "Astelehenetik aurrera Ibai-arteko beste komertzio batzuetan jarriko ditugu entrega puntu gehigarriak" azaldu du elkarteko presidente Jon Apraizek.
Maskara motak
Esan bezala, aurpegi osoa estaltzen duten snorkel maskarak dira behar dituztenak. Decathlon etxeak, esaterako, era horretako maskara ugari saldu ditu, eta horiek jarri dituzte adibide erabilgarri gisa. "Ezin dira bere horretan erabili, baina modifikazio txiki bat eginda erabil daitezke; 3D inpresioarekin egindako pieza bat gehituta".
"Gasteizko Santiagorako egin dituzte antzerako bilketak, eta ondo funtzionatu dute; Arrasatera, ordea, ez da ia ezer heltzen, badirudi Osakidetzako Angola garela" adierazi dio bertako anestesista batek GOIENAri.