Lorentzo Records estudioan grabatu zuen Arrasateko taldeak urtarrila eta otsaila bitartean hirugarren lana: Duguna esateko. Aurretik zituzten Nondik hasi (2017) eta Urrezko kaiolak (2018) baino "indartsuagoa dela dio Jaione Martinez gitarra-joleak: "Abesti potenteagoak dira bilduma honetakoak. Salto bat eman dugula esango nuke; eta orain arte entzun dutenek ere hala sumatu dutela diote.
Hamaika kantu berri
2015ean egin zuten lehen kon-tzertua; Jaione Martinezek (gitarra eta biolina), Maialen Olea-gak (baxua eta abeslaria), Ane Garaik (gitarra) eta Ander Mo-reno bateria-joleak sortu zuten taldea, baina bigarren lana kaleratu ahala hartu zuen lekukoa perkusioan Harri Anzizarrek.
Euskaraz, ingelesez eta gazteleraz abestutako hamaika kantu batu dituzte bilduma berrian. "Ingelesez eta euskaraz abestu izan dugu; oraingoan, ingelesez bakarra dago, eta gaztelerazkoak ere sartu ditugu lehenengo aldiz. Orain arteko bide beretik doaz, aldarrikapenak eta kritikak, barruan dugun ezinegonaren adierazleak. Gustura gaude, eta feedbacka ere ona da".
Zapatuan ziren aurkeztekoak
Arrasateko gaztetxean ziren, bihar, zapatua, disko berriaren aurkezpen kontzertua egiteko, baina bertan behera geratu da, lotuta zituzten beste hainbat moduan: "Apirilean, maiatzean eta ekainean nahiko kontzertu genituen lotuta, baina ikusiko da zelan doan egoera...".
Sarean orain, diskoa geroago
Eskuetan dute diskoa –Joana Mancisidorrek egin du azala–, eta tabernetan saltzea da asmoa, baina, oraingoz, sarean dago eskuragarri. "Spotify, Bandcamp eta Youtube plataformetan dago; azken horretan, letra eta guzti".
Bideoklip kolektiboa
Bideo bat grabatzeko asmoa zuten, eta, egoerak bultzatuta, beste modu baten egingo dute, zaleekin. "Limón y chocolate kantuarentzako grabazioak egiteko eskatu dugu, eta, domeka bitartean jasotakoekin muntaia egingo dugu. Dagoeneko baditugu batzuk; gura duenak bidali Wetransfer bitartez Lataperlata@gmail.com helbidera".