Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun-alarma dela eta, Arrasateko Udalak azaldu du ezinbestekotzat jotzen dutela kaleak garbitzea, bide publikoek izan dezaketen karga birala kentzeko. Premisa horrekin, martxoaren 23tik aurrera (astelehena), pertsonen pilaketa areagotzen den bide eta elementu publikoen desinfekzioa areagotu egingo dute: kaleak ureztatzeko, ura eta sodio hipokloritoa nahasiko dira eremu publiko eta erabilera kolektiboko elementuak desinfektatuz, Covid-19ren hedapena geldiarazteko.
Kaleak garbitzeko, ura erabiliko da, arraste-garbigarri tentsio-aktiboekin indartuta. Baldeaketan garbiketa eta desinfekzioa egingo dira.
Produktua lainoztatuz garbituko da, batez ere osasun-zentroetatik, supermerkatu handietatik, elikagaiak banatzeko guneetatik, farmazietatik eta abarretatik hurbil dauden eremuetan.
Kaleak garbitzeko, 20 mililitro sodio hipoklorito x litro bat ur formula erabiliko da, establezimenduak ireki aurreko orduetan. Horretarako, ihinztatzeko motxilak erabiliko dituzte langileek.
Igogailu publikoen, kale-argien, arrapalen eskudelen eta eskailera mekanikoen garbiketa ere indartuko dutela jakinarazi dute, garbigailu auto-garbigarriak erabiliz... Produktu garbigarriak eta desinfektatzaileak zuzenean lainoztatuz erabiliko dira.
Adierazitakoa ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko, prozedura bera eta erabili beharreko garbiketa eta desinfekzio produktuak berrikusiko direla eman dute jakitera, beharrezkoa balitz, egunak joana ahala.