Azoka zabaltzea erabaki du Udalak, neurri bereziekin

Maialen Regueiro 2020ko mar. 17a, 18:38

Arrasateko Udalak Koronabirusaren hedapena saihesteko hartu dituen neurri berriak zeintzuk izango diren jakinarazi du eta horien artean daude, besteak beste, azoka zabaltzea eta TAO sistema bertan behera uztea. Udalak adierazi du gainera, hartutako neurriak gaur, martxoaren 17an, sartuko direla indarrean eta apirilaren 1era bitartean luzatuko direla.

Azoka irekitzea erabaki du Udalak, baina neurri bereziak izango dituela aitortu du. Horregatik, herritarrek azokako atean jarrita egongo diren jarraibideak errespetatzeko eta azokara banaka joateko eskaera egin du Udalak. Hasieran ixtea zen Gobernuaren asmoa, baina oposizioak ez ixteko eskatu zuen, eta Gobernuak baldintza batzuek jarrita, onartu. 

Udalak jakinarazi du gainera, udaletxeko tasak eta zergak ez direla kobratuko egoera honek irauten duen bitartean. Horrez gain, TAO sistema ez aplikatzeko eta administrazio prozeduren epeak eteteko erabakia hartu du.

Harreman telematikoa

Udalak kanal ezberdinak jarri ditu eskuragarri herritarrak artatzeko: 010 eta 943 252 000 telefono zenbakiak baz@arrasate.eus helbide elektronikoa. Herritarrak artatzeko ordutegia gainera, honako hau izango da: astelehenetik ostiralera bitartean, 08:30etik 19:00etara bitartean eta zapatuan, 09:00etatik 13:00etara bitartean.

Politikariak ere telematikoki batzartuko dira. EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek Koronabirusaren jarraipen mahai bat egiteko eskaria helarazi zioten atzo egindako bileran Gobernuari. Mahai horretan hainbat partaide egotea eskatzen zuen oposizioak, hala nola: Alkatea, Babes zibileko arduraduna, Udaltzainburua, Ongizate eta Gizarte zerbitzuetako burua, Berdintasun saileko burua, Osasun Zerbitzuetako ordezkaria, sindikatuak, Alderdi politiko guztietako ordezkariak eta antolatu den Zaintza sare herritarraren ordezkariak.

Gobernuak, ontzat eman du mahai batean osaketa, egunero gaiari jarraipena egiteko, baina partaide gutxiagorekin. Hala, bozeramaileen batzordea –Udalean ordezkaritza duten alderdien bozeramaileez osatua dagoena– egunero batzea adostu dute, gonbidatu puntual batzuekin.  16:00etan batzartuko dira, telematikoki –Skype bidez–, eta udaltzainburua edo Gizarte Zerbitzuen arduraduna bezalako gonbidatuek ere har dezakete parte, bozeramaileek beharrezkotzat joz gero. 

Lasaitasun deia

Azkenik, arrasatearrei lasaitasunerako deia helarazi nahi izan die Udalak. Gogorarazi du gainera, hartutako neurriak aldi bereko kutsadura ekiditeko direla eta janari eta lehengaien hornidura bermatuta daudela. Horrez gain, zentzuz jokatzeko eta agintariek emandako gomendioak jarraitzeko eskatu dio herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak