Dorletako Ama TXEko lehendakari Ander Elortondok eskolaren helburuen berri eman du eta dituzten egitasmoak azaldu ditu. Era berean, bidelagun dituzten babesle eta kolaboratzaileen laguntza ere eskertu du.
Guztira 36 txirrindulari
Azken urteetan gora egin duela eskolako txirrindulari kopuruak azaldu dute eta aurten 36 txirrindulari izango direla errepidean kategoria ezberdinetan.
Kadete mailako taldea sendotu egin da eta aurten sei txirrindulari izango dira Eroski taldean: "Gehienak hainbat urte taldean ari direnak dira baina badira taldekide berriak ere", adierazi dute eta entrenatzaile berria aurkeztu dute: Iker Eskibel eskoriatzarra, eskarmentu handiko txirrindularia, afizionatuetan ari dena.
Gainerako txirrindulariak maila eskolarrean arituko dira: Dorletako Aman hainbat urtez entrenatzaile lanetan diharduen Aitor Juaristirekin infantil kategoriakoak eta Mikel Iribekanposek berriz, benjaminak eta alebinak entrenatuko ditu.
Denboraldiko lasterketak
Dagoeneko hasi dute denboraldia, "gogotsu" hasi ere. Kadeteek atzo Beasaingo lasterketan parte hartu zuten estrainekoz: "Eguraldi makurra izan bazuten ere, gustura ziren egindako lasterketarekin". Hurrengo lasterketa Deban izango dute datorren asteburuan.
Alebin eta infantilek mendi bizikletako lasterketekin ekin diote denboraldiari. Alebinetako Unai Ormaetxeak parte hartu du horietan, aurreko asteburuan Itsasondon eta atzo Oiartzungo lasterketan izan da aramaioarra. Gainerakoek, datorren asteburuan Oñatiko lasterketan hartuko dute parte.
Dorletako Amak Debagoienan antolatuko dituen lasterketen berri ere eman dute:
- - Maila eskolarreko gin-kana Eskoriatzan, martxoaren 21ean.
- - Gipuzkoa mendebaldeko eskolarren lasterketa Arrasaten, maiatzaren 23an.
- - Gipuzkoako nesken txirrindulari lasterketa Arrasaten, ekainaren 21ean.
- - Kadeteen lasterketa Arrasaten, uztailaren 5ean.
Aurtengo erronkak
Harrobia sendotzea da Dorletako Ama TX Eskolaren erronketako bat 2020ari begira: "Ematen dituen aukerak ezagutzera eman eta txirrindularitza gogoko duten neska mutilak kirol hau praktikatzera animatuz".
Bestetik, elkarlana ere sustatu gura dute: "Batetik, barruko egitura sendotu kolaboratzaileen sarea handituz eta bestetik, gainerako klubekin, erakunde eta instituzioekin harremanak sakonduz". Eta berdintasuna eta integrazioa bultzatzea ere erronken artean dute: "Debagoieneko neska-mutiko orok txirrindularitza
praktikatzeko aukera berdinak izan ditzala".