Gipuzkoako herrien izenak ulertzeko liburua

Naroa Urien Berrio 2020ko mar. 6a, 12:55

Liburuan agertzen diren Debagoieneko herrien izenak.

Patxi Salaberriren eta Luis Mari zalduaren Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia ikerketa-lana argitaratu du Euskaltzaindiak, paperean eta webgunean aldi berean. Debagoieneko herrien izenen azterketa ere badago.



Oñatik mendiaren oinean du jatorria; Bergarak, Erdi Aroko iturrietan; Aretxabaletak, aldiz, haritzen toki zabalean. Horrelakoak eta aldrebesagoak maiz entzun badira ere, gauzak bere tokian jartzera dator Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia ikerketa-lana. Patxi Salaberri Zaratiegi eus- kaltzain osoak eta Luis Mari Zaldua Etxabe urgazleak "metodologia serioa oinarrian har- tuta eta zuhurtziaz" osatu dute, eta Euskaltzaindiak argitaratu du, Izenak bilduman.

Egileek Andres Urrutia euskaltzainburua eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria ondoan zituztela aurkeztu dute asteazken honetan Donostiako Foru Jauregian, aldi berean paperean eta akademiaren webgunean PDF formatuan eskuragarri jarri den lana.

4.500 testigantzaren bilketa

Dokumentazio joria baliatu dute lanerako, bai idatzizkoa (4.500 testigantza), baita ahozkoa ere (242 lekukoren 700 lekukotza, Ahotsak.eus-etik hartuak). Emaitzak alfabeto ordenan jarri dituzte, herrika, herri izenari dagokion sarreran txertatuta auzo eta bestelako populazio guneak; gehien dituztenak, bide batez, Aretxabaleta eta Eskoriatza dira, zazpina. Sarrera bakoitzean eman dituzte izen ofiziala; dokumentuetan aurkitutako lekukotasunak; euskal testuetakoak; ebakera edo ahoskera; etimologia; gentilizioa; eta, dagoen kasuetan, herritarren edo herriaren beraren ezizena.

Debagoieneko herriak

Liburuan, Gipuzkoako 182 entitate hartu dira aintzat. Gehienak udalerriak (89) eta auzoak (85) dira, baina badaude populazio-gune txikiagoak ere. Irakurleak igarriko du baten bat faltan, ez baitira aintzat hartu liburuetan eta dokumentuetan agertzen ez direnak, horrek tradizio falta adierazten duelako. Liburuan, noski, Debagoieneko herriak ere badaude: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza, Leintz Gatzaga, Oñati eta Elgeta.

Norberaren herriaren, etxearen, kalearen... izena tertuliagai izaten da sarri. Mendizabalen esanetan, herria maite duen edozeinek estimatuko duen lana da argitaratu berria.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak