Arkauzek eta Parotek kartzelan 29 eta 30 urte daramatzatela ikusarazteko, lau asteko egitaraua

Xabi Gorostidi 2020ko mar. 3a, 20:12

Sarek agerraldi jendetsua egin du, Josu Arkauz eta Unai Parot presoen egoera azaleratzeko antolatu duten ekintza sorta iragartzeko –Jose Manuel Pagoaga Peixoto eta Eugenio Barrutia Arbe errefuxiatuak ere izan dituzte gogoan–. Preso dauden bi arrasatearrak "aske geratu aurretik Euskal Herrira hurbiltzea" eskatu dute, "senideek urtean 102.000 kilometro egin behar dituztelako". "Urte hauetan 3.060.000 kilometro egin dituzte senideek". 

70 lagunetik gora batu dira Kulturaten Sarek deitutako agerraldira, eta bertan Mari Asun Pagoagak eta John Anduezak hartu dute hitza. Lehenik eta behin salatu dute bi preso hauei ez zaiela "legea aplikatzen": "Atxilotutako garaian indarrean zegoen 1973ko kode penala aplikatu zitzaien. Kode penal honen arabera, izaera bera duten delituengatik bateratu egin daitezke zigorrak. Hots, nahiz eta 300 urteko zigorra jaso epaiketa desberdinetan, azkenean hauek guztiak 30 urtetan gelditzen ziren. Eta garai hartako legea aplikatuz, 30 urte horiei kendu behar zaizkie espetxean egondako tarte horretan lortutako erredentzioak edo espetxe zigorraren murrizketa: onura arrunta, espetxean egindako bi eguneko bat ematen zizun espetxe sistemak; eta berezia, beste hainbeste ikasketak, kirola, eskulanak eta abar egiteagatik. Hau guztia zigortuta egon gabe. Eta nola lortu hori zigor sistema guztia euren esku egonda? Beste aldetik, preso bat hiru egoeratan sailkatu daiteke eta modu sinplean bakoitzak ezaugarri hauek ditu: 1. gradua (gogorrena eta ziegan denbora gehiena), 2. gradua (arinagoa eta espetxetik irteteko baimenak lortzeko beharrezkoa) eta 3. gradua (bakarrik lo egiteko espetxera). Bestalde, ezin dugu ahaztu legearen espiritua, eta honen arabera helburu nagusia, zigortutako pertsona gizarteratzea dela. Behin oinarri hauek ezarrita. Galdera erraza aireratuko dugu: Bi preso hauei aplikatu zaie legea? Erantzuna sinplea da, lege arrunta ez diete aplikatu eta gainera, etengabe trikimailu desberdinak erabiliz, zigorra luzatzen saiatu dira eta lortu ere bai". 

Jarraian, Paroti eta Arkauzi "aplikatzen dieten salbuespenezko legedien" azalpenak eman dituzte: "Unairen kasuan, lehenik “Parot Legea” deiturikoa aplikatzen saiatu ziren, hots, erredentzioa gehienezko 30 urte horietatik aplikatzen hasi beharrean, zigor osotik kentzen hastea. Horrekin lortzen zuten 30 urte osotasunean bete beharra. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak ezetza eman zion lege honi eta oroituko zaretenez, preso ugari atera ziren espetxetik sententzia horrekin, baina zegokiena baino denbora gehiago eginda espetxean. Unairekin hori ez zutenez lortu, beste trikimailu bat asmatu zuten eta bigarren aldiz epaitu zuten ETAko kidea izateagatik. Ezin da zigortu bi aldiz ETAko kide izateagatik, beraiek argudiatzen dute hainbat urtetan ez zela ETAko kidea izan, eta gero berriz sartu zela erakunde horretan. Baina argudio hori ez dago nondik hartu. Espetxean sartu zutenetik hiru hilero zein sailkapenean dagoen notifikatu zaio Unairi idatziz (lehen aipatutako 1. 2. edo 3. gradua). Eta ezetz asmatu zergatik sailkatzen zuten beti 1. graduan (sailkapen gogorrenean), bada, ETAko kide izateagatik, ez zituelako loturak apurtzen ETArekin".

Arkauzen kasuari buruz zera azaldu dute: "Josuren kasuan bereizi egin dute Frantzian espetxean egindako denbora tartea eta Espainian egindakoa, batean zein bestean ziegak desberdinak izango balira bezala. Ze lortzen dute honekin? Modu sinplean esanda, Josuk Frantzian egindako denbora ez kontatzea eta Espainian 30 urte bete behar izatea. Espainian atxilotu izan balute aspaldi legoke kalean". 

Jose Manuel Pagoaga Peixoto eta Eugenio Barrutia Arbe errefuxiatuak ere izan dituzte gogoan: "Bi errefuxiatuen egoera ere salatu nahi dugu lerro hauen bidez. Lehena, Jose Manuel Pagoagak Peixoto 50 urte baino gehiago darama errefuxiatuta, larriki zauritu zuen Batallon Vasco Españolak 1979 eta Hego Euskal Herrira etorriz gero, aske geldituko bermerik ez du. Bigarrena, Eugenio Barrutia Arbe 1978an egin zuenak alde Arrasatetik. 1981ean atxilotu zuten Baionan eta 1984an deportatu zuten Venezuelara. Geroztik 35 urta daramatza Venezuelan deportatuta linbo juridiko batean. Hauek ere etxean nahi ditugu!"

Dispertsio politika, zenbakitan

Parot eta Arkauz bataz-beste Arrasatetik 1.000 kilometrora daudela adierazi dute, horren dakartzan eraginak azalduz: "Batez besteko bat egingo dugu eta 1000km-ra daudela jarri dezagun. Astero joan eta etorri 2000 km. Urteak 51 aste dituenez, 102.000 km urtean. 3 milioi eta 60 mila kilometro egin dituzte senideak hauetako preso bakoitza ikusteko. Ziega batean egoteko Cadizen egon edo Langraitzen egon ze alde dago presoarentzat? Honek zementu bera ikusiko du han eta hemen. Beraz, nork egin ditu 3 milioi eta 60 mila kilometro urte horietan guztietan. Nor zigortzen dute neurri honekin? Senideak, jakina!"

ETA desagertu ostean, senideen egoera ez aldatzea "mendekutzat" jo dute: "ETA dagoeneko ez da existitzen, baina presoen senideek milaka kilometro egiten jarraitzen dute. Mendeku hutsa da, astebururo pairatzen duten biolentzia eta heriotza asko ekarri duena. Beraz, lehen urrats bezala, Euskal Herriko espetxeetan nahi ditugu eta ondoren kalean. Zergatik? Bi kasu hauetan jarritako zigorra aspaldi beteta dutelako"

Egitaraua

Amaieran, hurrengo lau asteetarako prestatu duten ekintza sorta eman dute aditzera. 

  • Martxoaren 13an, biziarteko zigorrik ez hitzaldia. Haizea Ziluaga eta Txema Matanzas Abokatuek –azken hau Arkauzen abokatua da– hitz egingo dute Kultur Ateko areto nagusian.
  • Martxoaren 18an, Argi izpiak txarrantxen artean liburua aurkeztuko dute egileek. Mugimendu feministarekin elkarlanean antolatutako ekimena da.
  • Martxoaren 27an, azken ostirala berezia, 30 urte kantuz: hamarkada bakoitzeko kantu adierazgarri bat abestuko dute herriko abeslariak.
  • Apirilaren 2an. 19:00etan manifestazio Seber Altube Plazatik hasita, 30 urte asko da. Aski da! Biziarteko zigorrik ez lelopean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak