Kurtzetxikiko larre publikoak herriko ganaduzaleek kudeatuko dituzte, beste urtebetez

Xabi Gorostidi 2020ko mar. 3a, 13:48

Jesus Garai, Maria Ubarretxena, Jesus Mari Plazaola eta Aitor Murgoitio, gaur, Kurtzetxikin.

2018an hasitako bideari jarraipena emanez, Udal Gobernuak eta herriko ganaduzaleak batzen dituen Larragain elkarteak urtebeteko hitzarmena egin dute, azken hauek Kurtzetxikiko larreak kudeatu ditzaten. Alkateak adierazi du ganaduzaleek ardura hartu zutenetik "asko hobetu" dela eremu hori, eta ganaduzaleak gustura daude: "elkarlan sistema hau ona da, eta beste esparru batzuetara zabaltzea gustatuko litzaiguke". 

Kurtzetxiki eremua Udal titulartasunekoa da, eta Gobernutik azaldu dute hitzarmen honen helburua hirukoitza dela: "Mendiaren kontserbazioa eta ingurumen berreskurapena, lehen sektorearen sustapena, eta mendiak dituen baliabideak (ingurugirokoak, kulturalak eta paisajistakoak), aisialdi aktiboa eta bio- dibertsitatea sustatzea. Udal eskumenekoa da udal ondarearen kudeaketa, kontserbazioa eta mantenua. Baita ingurumenaren babesa eta garapen jasangarria sustatzea ere. Horiek hartzen ditu bere baitan, beste hainbaten artean, Udalak berriki Larragain elkartearekin sinatutako hitzarmenak. Elkarteak helburu du Arrasateko ganaduzaleak Kurtzetxiki mendiko eta Arrasateko Udalaren jabetzako beste Larre Publikoak elkarlanean kudeatzea; baita, ganaduzaleak eta Udalak elkarlanean, Larre Publikoen Kudeaketa plana adostu, larreen hobekuntza bultzatu eta Arrasateko lehen sektorea indartzea. Hori gauzatzeko, Arrasateko Udalak 14.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Larragain elkartera bere jarduerak finantzatzeko".

Larragain elkartean zazpi ganaduzale arrasatear daude une honetan, Bedoñako hiru, Udalako beste hiru, eta Santa Agedako bat. Hauek dira kideak: Sabino Llodio, Juan Jose Iturbe, Aitor Murgoitio, Aitor Arana, Jesus garai, Jesus Mari Plazaola eta Maria Pilar Ibabe. 

Eremua garbi mantentzea da ganaduzaleen ardura nagusia. Abereek bertako belarra jateaz gain, bestelako lan batzuk ere egiten dituzte: "Ganaduak jardinero lanak egiten ditu, eta guk, ordea, ongarriak bota, zuhaitzen inguruko narrak kendu ...  azaldu du elkarteko kide Aitor Murgoitiok. Apiriletik negura bitartean edukitzen dituzte abereak bertan, eta 2020an 29 behi edo behor eta 63 ardi eramango dituzte bertara. Zehazki, hala egingo dute banaketa:

  • Sabino Llodiok apirilaren 1etik urriaren 31ra, bost behor.
  • Juan Jose Iturbek azaroaren 1etik abenduaren 31ra, 63 ardi.
  • Aitor Murgoitiok apirilaren 1etik urriaren 31ra, bost behi.
  • Aitor Aranak apirilaren 1etik urriaren 31ra, bost behi.
  • Jesus Garaik apirilaren 1etik urriaren 31ra bost behi.
  • Jesus Mari Plazaolak apirilaren 1etik urriaren 31ra, bost behi edo behor.
  • Maria Pilar Ibabek apirilaren 1etik urriaren 31ra, lau behi.

Maria Ubarretxenak "oso aberasgarritzat" jo du administrazioaren eta herritarren arteko elkarlana: "abeltzainak eta Udala eskutik goaz udal larreen kudeaketaren alorrean hitzarmen honi esker. Lehen sektorea ezinbesteko agente da gure inguruaren zaintzan, gure mendien mantenuan".

Lehen sektorea, lekukorik gabe

Herriko ganaduzaleek adierazi dutenez zailtasunak dituzte jende gaztea euren sektorera erakartzeko. "Ez dago apenas erreleborik, et gu adinean gora goaz. Duela 22 urte 1.200 ardi zeuden Udalan, eta orain nekez heltzen gara 120ra" adierazi du Jesus Mari Plazaola ganaduzaleak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak