Bigarren postuarekin konformatu behar Ruiz de Azuak, eta Axpe ere podiumean

Julen Iriondo 2020ko mar. 1a, 14:10
Atzoko podiuma.

Pista estaliko Espainiako Txapelketan, Galizian, urrea lortzeko faborito zen arren, pertikarekin 4,26 metroko jauzia egin eta bigarren izan da Ruiz de Azua, 4,32 egin duen Miren Bartolome nafarraren atzetik. Axpek 4,16koarekin eskuratu zuen brontzea. Salto hirukoitzean, Eneko Carrascal zazpigarren izan da –bere marka hobetu du–, eta Iñigo Uribarren, bederatzigarren.

4,40ko jauziarekin, Malen Ruiz de Azuarena zen urteko markarik onena, eta bera zen Espainiako Txapelketan urrea lortzeko  –2017an eta 2018an bezala; iaz Axpek irabazi zuen, baina min hartuta egon da oraintxura arte– faborito nagusia.

Arrasatearrak, baina, 4,06an baliogabeko jauzia eginda ekin zion txapelketari; bigarrenean gainditu zuen. 4,16ko langa lehenengoan pasa zuen, eta 4,26koa, bigarrenean.

Bartolomek, berriz, lehenengoan gainditu zuen 4,26koa, eta bigarrenean 4,32koa. Beraz, Ruiz de Azuak 4,38an jarri behar izan zuen langa –4,32an bi baliogabe egin zituen–, txapelketa irabazten saiatzeko. Baina ezin izan zuen gainditu.

Maialen Axpek egindako jauzi handiena, bestalde, 4,16koa izan zen. Sei atleta izan ziren denera langa hori igaro zutenak, baina, baliogaberik egin ez izanagatik, Arrasatera etorri zen brontzea.

Axpe "oso pozik" zen amaieran, markarekin baino gehiago, txapelketa "sentsazio onekin" amaitu zuelako, eta "udari begira" baikor izateko laguntzen diolako horrek. Udako denboraldia "oso motza" dela-eta, apiril amaierarako edo maiatz hasierarako "oso ondo" egon nahi luke Axpek. Europako Txapelketa, Txapelketa Iberoamerikarra eta Olinpiar Jokoak ditu orain begiz jota.

Jonathan Perez entrenatzailearen arabera, berriz, atzoko lanarekin "triste eta haserre" amaitu zuen Malen Ruiz de Azuak, gauzak ez zitzaizkiolako espero moduan atera: "Lasterkaldia ez zuen ondo egokitu, eta ez zuen gustura jauzi egin. Neurri horiek oso erraz gainditzen ditu aurten, baina atzo ez", zioen.

Salto hirukoitza

Gaur eguerdian izan da jauzi hirukoitzeko saioa, eta, bertan, 15,81 metrorekin –marka pertsonala– zazpigarren izan da Eneko Carrascal, eta Iñigo Uribarren, 15,29rekin, bederatzigarren. Pablo Torrijosek irabazi du txapelketa, 17,18ko markarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak