Gaur egin dute egitarauaren aurkezpena, Yoana Sanchez Berdintasuna zinegotziak eta Maite Barreña Berdintasun teknikariak. Lehenik eta behin, esku orria eta kartela ilustratzen dituen diseinuari buruzko xehetasunak eman dituzte. June Baonza durangarrak egin du eta Bizitzak erdigunean leloa "bikain irudikatzen" duela adierazi dute. XXIII. kartel lehiaketako irabazle izan da Baonza. Guztira hamabi diseinu jaso dituzte, eta horiekin erakusketa egingo dute Emakume Txokoan, martxoaren 4tik 18ra.
Martxoaren 3an gaurko eta lehengo emakume baserritarren testigantzez osatutako Erroa eta Geroa dokumentala proiektatuko dute. Ikus-entzunezkoan parte hartu duten bi protagonistek aurkeztuko dute filma –Ane Gorosabel arrasatearra eta Maribi Ugarteburu amorotoarra– eta ostean solasaldia egingo dute. Hitzordua: 19:00etan, Kulturateko Areto Nagusian. Martxoaren 4an, ordea, Sagra Lopez feministaren olerkiak batzen dituen Sagraren poemak liburua aurkeztuko dute, haren heriotzaren lehen urteurrenarekin bat eginez. Hau ere 19:00etan izango da, Kulturateko Areto Nagusian. Martxoaren 7an, bi hitzordu: emakume artisau eta baserritarren azoka Seber Altube Plazan –10:00etatik 14:00etara– eta Erradikala Ginen ikuskizuna Kulturateko Areto Nagusian –19:00etan–.
Martxoaren 8a, eta ostekoak
Emakumearen Nazioarteko Egunean manifestazio egingo dute, 12:30ean, Seber Altube Plazatik abiatuta. 14:30ean bazkari feminista egingo dute, eta eguraldiaren arabera bi kokaleku aurrekusi dituzte: onarekin. Seber Altube Plazan; txarrarekin, Azoka Plazan. Ostean mikro-irekia egongo da.
Martxoaren 8aren ostean, hiru ekintza lotu dituzte: Samara Velte idazleak Nik sinisten dizut liburua aurkeztuko du martxoaren 17an –Kulturaten 18:30ean–; Argi-izpiak txarrantxen artean. 14 Begirada kartzela feminismotik birpentsatzeko liburuaren aurkezpena martxoaren 18an, eta amaitzeko, Zinegoak Jaialdiaren hedapena, martxoaren 26an; bertan jaialdiko labur onenak proiektatuko dituzte.