Arrasateko 150 gimnasta denboraldian barrena

Amaia Aranegi 2020ko ots. 21a, 13:01

Otsailaren 1ean hasi zen gimnasia erritmikoaren denboraldia, Bergaran, eta Arrasateko Dragoi Gimnasia Taldeko neskak gogor ari dira lanean. Gimnasia erritmikoa eta aerobikoa eskaintzen du taldeak, baina orain, itxarote-zerrenda dago.

Arrasate Dragoi Gimnasia Taldean, 5 eta 20 urte bitarteko 150 gimnasta daude. Gimnasia erritmikoan, A mailara arte lehiatzen dira eta aerobikoan, berriz, estatu mailan dagoen maila altuenera arte. Gimnasia erritmikoan, banaka eta taldeka lehiatu daiteke eta neskatila bakoitzaren ezaugarrien arabera antolatzen dituzte taldeak. Otsailean Bergaran hasi zen denboraldia eta, hain zuzen ere, bertan izan ziren seniorreko A mailakoak, B mailakoak, gazteen B mailakoak eta infantileko A mailakoak, eta aurrera begira beste txapelketa batzuk dituzte, nahiz eta kluba ez dagoen horiei begira. "Kluba ez dago estatuko txapelketei begira, gure helburua ahalik eta gimnasta gehienei gimnasia erritmikoa eta aerobikoa egiteko aukera ematea da, bakoitza bere mailan", dio Edurne Elkoro entrenatzaileak.

Arrasaten errotuta

Arrasaten errotuta dago kirol hori eta klubak urte asko daramatza herrian gimnasia erritmikoa egiteko aukera eskaintzen: "Poliki-poliki, kirol hau herrian ezagutzera ematen saiatu gara eta klubaren filosofia mantendu dugu. Urtean zehar erakustaldi pare bat egiten saiatzen gara, baita txapelketaren bat ere. Herrian talde bat dagoela ikusteko eta gure lana erakusteko antolatzen ditugu ekintza hauek".

"HELBURU NAGUSIA GIMNASIA ERRITMIKOA ETA AEROBIKOA EGITEKO AUKERA EMATEA DA"

Itxarote-zerrenda

Momentu honetan, itxarote-zerrenda daukate Arrasate Dragoi Taldera sartzeko: "Limite fisikoa daukagu eta, hori dela eta, taldeetan limite bat jarri behar izan dugu. Eskaera asko ditugu, baina espazio gutxi. Entrenamendu-saioak Uarkape pilotalekuan eta institutuko gimnasioan, Musakolan, egiten ditugu". Bost pertsona ibiltzen dira entrenatzaile lanetan, bakoitzak bere taldeak dauzka, baina elkarri laguntzen saiatzen dira: "Entrenamenduak mailaren arabera izaten dira. Gaztetxoenak astean bi ordu entrenatzen dira eta maila altuenak dituztenak lau ordu eta erdi entrenatzen dira. Baina mailaren arabera da. Aerobikeko taldeak, estatu mailako txapelketara doazenak, gehiago entrenatzen dira, zapatuak barne". Hurrengo txapelketa martxoaren 8an izango da, Donostian: udaberriko torneoa, hain zuzen. Izan ere, martxoan txapelketa asko egongo dira; aerobikeko Euskadiko txapelketa, adibidez. Aste Santu ondoren, final guztiak izango dira.

Zintarekin, Nekane Magaña

Aerobika, Uxue Azkue

Jubenil B mailako gimnastak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak