"Ehiztariak gara, ez soldatapeko hiltzaileak"

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 17a, 09:14
Elorza –goian, ezkerretik hirugarrena– eta Arrasto taldekoak basurde batekin. (Argazkia: Arrasto Taldea)

Basurde gainpopulazioari aurre egiteko, 'Arrasto' izeneko ehiztari talde bat dabil Arrasateko inguruko eremuetan lanean. Irailetik hona 76 basurde ehizatu dituzte; eurentzat zaletasuna da, eta diote ez direla baserritar guztien beharrak asetzera heltzen.

"Basurdeen gainpopulazioarena arazo larria da, eta badaude are larriagoa izateko zantzuak: gero eta ehiztari gutxiago daude, ez dago erreleborik, mendiak gero eta zikinago daude, basurdeak gero eta ugariago ugaltzen dira, baserritarrek ez dute lehen zeukaten konpromisoa... dena nahiko utzita dago, eta horrek ez du arazoa hobetzen" dio Arrasto taldeko presidente Igor Elorzak.

Basurdeek eragiten dituzten kalteak askotarikoak direla azaldu du: "Kalte nabarienak baserritarrei eragiten dizkiete: euren larreak hondatzen dituzte, eta ostean, ez da ganaduarentzako bazkarik hazten. Belarra berriz hazteko lan handia egin behar da, eta hori gertatu bitartean baserritarrek kalte ekonomikoak jasaten dituzte. Baina kalteak ez dira baserritarrentzat. Auto gidariei ere egiten diete kalte, auto-istripu ugari eragiten dituzte eta".

Aldundiaren baimenarekin

Duela 40 urte inguru sortu zen taldea eta gaur egun 30 ehiztari inguru daude bertan. "Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena daukagu astean hiru aldiz ehizan egiteko: eguenetan, zapatuetan eta domeketan. Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza aldean aritzen gara, baina bailaran badaude talde gehiago: Bergaran, Eskoriatzan... bakoitza bere esparruan aritzen da".

76 basurde

Lanik ez zaie falta, eta datuek hori erakusten dute. Irailetik hona, 76 basurde harrapatu dituzte; azken laurak, asteburu honetan, Aretxabaletako Izurieta auzotik gertu. Basurdeak ehizatu ostean eurek aprobetxatzen dituzte, baina diote basurdeen kalteak eurek ordaintzen dituztela. "Ehizatu ostean larrutu eta despiezatu egiten ditugu, ostean jateko. Lagunen artean banatzen ditugu, opariak egiten ditugu, afariak egiten ditugu... baina guztia ez da debalde. Ehiza lizentziak ordaintzeaz gain, diru kopuru bat ordaintzen dugu, eta bertatik ordaintzen dira, besteak beste, basurdeek baserritarrei eragiten dizkieten kalteak. Ez dugu ezer kobratzen lan hau egiteagatik; ordaindu, ordea, bai".

Zaletasuna vs ofizioa

Baserritarrei zerbitzua eman arren, guztiak ez daude pozik euren lanarekin. "Asteburu honetan, adibidez, Muru inguruko baserritar batek deitu zigun, bere baserri inguruan basurdeek kalteak eragin ostean. Hara joan ginen, eta lau txerri ehizatu genituen. Baina beste batzuk kexu dira, euren baserrietara heltzen ez garelako". Horren harira, argi dute ehizatzearena eurentzat zaletasuna dela, eta ezin direla alde guztietara heldu: "Ehiztariak gara, ez soldatapeko hiltzaileak. Baina baserritarrek ulertu behar dute hau zaletasuna dela eta gure mugak ditugula; ezin ditugu behar guztiak ase. Gu ez bagara heltzen, Aldundiak edo politikariek eman beharko diete erantzuna".

Estigma eta erreleborik eza

Taldekideen batez besteko adina ia 60 urtekoa da, eta Elorzak dio ez dagoela apenas erreleborik. "Bagaude bizpahiru gazte taldean, baina gehienak 50 eta 60 urteren bueltan daude. Badago 91 urteko bat, gazteak baino sasoitsuago dagoena. Baina, orokorrean, ehiztariak oso estigmatizatuta gaude. Ekologisten eta animalisten kontzientzia gora doa, eta jendearen gorrotoa pertsonalki jasan izan dut. Duela gutxi, Udalaitz inguruan uxaldi (batida) bat egiten ari ginela 'Putaseme' deitu zidaten; baina galdetu diezaietela baserritarrei ea ehiztariak 'putasemeak' garen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak