Julen Barrutia: "Errugbia inklusiorako tresna baliagarria da"

Xabier Urtzelai 2020ko ots. 7a, 15:00

Julen Barrutiak urtebete darama ARTko senior mailako entrenatzaile moduan. Aurretik, baina, ARTko harrobiarekin ere ibilitakoa da lanean, eta kirol zientzien graduatua izanda badaki kirol jarduerak, eta kasu honetan errugbiak, ze onura izan ditzakeen. Bada, askotan, onura horiek osasuntsu egotetik haragokoak dira.

Nondik okurritu zitzaizuen urritasunen bat dutenekin errugbi saio bat antolatzea?

Ez da gauza berria, beste herri batzuetan oso esperientzia positiboa izan dute. Esaterako, Getxon, Hernanin, Gasteizen eta Bilbon urritasunen bat duten jokalariekin errugbi taldeak sortu dituzte, eta euren artean ligaxka antolatu dute, Bultza izena duena. Eta, Gasteizen lehenago ere egin izan dituzte guk egitea gura dugun moduko lansaioak. Eta, bertan parte hartu izan dut Beñatekin, anaiarekin.

Etxean gertutik sufritu izan duzue bazterketa hori...

Bai, halaxe da. Anaia dut down sindromearekin eta guk etxean ikusi izan dugu gura ala ez bazterketa sufritzen dutela. Hala, horrenbeste eman didan kirol jarduera, errugbia, eta horrenbeste maite dudan anaia batu ta erabaki nuen zerbait egitea. Hala, Atzegiko lagunekin batera antolatu dugu saioa.

Etxekook halako ekimenetan lehenago ere parte hartu izan duzue.

Duela bi urte, esaterako, Gasteizen antolatu zuten errugbi inklusiboko Munduko Txapelketa, eta nire aita –Ramon Barrutia– epaile moduan izan zen txapelketan. Eta, anaiarekin Gasteizen antolatutako entrenamendu saio batean ere esku hartu izan dut.

Ez zenuen espero horrenbeste gozatuko zuenik...

Errugbi zelaira iritsitakoan zera pentsatu nuen, "anaia ez da lurrera botako baloi bila...". Eta gero lokatzetan ikusi nuenean... [Barreak]. Hori izango da saioko helburua, errugbiaren bitartez denok ondo pasatzea.

Oharra: Otsailaren 16an 11:00etatik 12:30era egingo dute entrenamendu saioa. Izena emateko bi telefono daude: 943 42 39 42 (Atzegi) eta 676 93 83 04 (Julen Barrutia).

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak