Argudio hauek aipatzen dituzte gaurko osoko bertan behera uzteko. "Plenoaren suspentsioa eskatzen dugu, lehenik eta behin, ez zaigulako zinegotzi guztioi deialdia garaiz bidali eta, bestetik, egun batetik bestera 56 orriko dokumentazioa ezin delako ganoraz aztertu eta landu bilkuran eztabaidatzeko. Legeak dioenez, bilkurarako deialdia zinegotzi guztiek jaso behar dugu bi lan egun baino lehenago. Ez dugu jaso, teknikariak ez zielako deialdia zinegotzi guztiei bidali, baina gertatutakoaren erantzukizuna alkatearena da zuzenki. Gure ustez, alkateak berak suspenditu beharko luke plenoa eta ofizioz atzeratu, baina Udal honetako alkateak ez duenez ezer adierazi gure ardura da legea betetzea eta betearaztea".
Epeak ez errespetatzearren euren mozioak "sartu gabe" geratu izan direla ere aipatzen dute. "Pasa den urtarrilaren 29an, ustelkeriaren kontrako mozio bat gaurko gai-zerrendan sartu nahi izan zuen gure taldeak, baina alkateak epez kanpo geundela jakinarazi zion gure bozeramaile Maider Morrasi eta, horrenbestez, Udalbatzaren hurrengo bilkurarako uztea onartu genuen". Gehitzen dute ere azken hiru hilabeteetan ez dutela alkate-ebazpenen berri jaso.
Amaitzeko, aipatzen dute, Gobernuaren "kudeaketa traketsak" kalte egiten diela hautetsi lanak egiteko. "Legealdia hasiz geroztik, Udal Gobernuaren kudeaketa traketsa izugarrizko kaltea ari zaigu sortzen hautetsi gisa, besteak beste, deialdiak edota dokumentuak jasotzeko datetan eta, oro har, edozein informazioa jasotzerako orduan. Oso larria da Udalaren kudeaketarekin gertatzen ari dena eta gaur bezala, udalbatzarra bertan behera utzi behar izatea (noiz eta udal langileen soldata edota auzo alkateen izendapena bezalako gai garrantzitsuak aztertu behar genituenean) alkatearen ardura da zuzenean. Ezin zaie teknikariei ardura hori egotzi, politikariak baikara erantzule nagusiak".