75 urteko ibilbidean gauza asko pilatzen dira, baita argazkiak ere. Izan ere, 2.000 argazki batu dituzte zuzendaritzako lagunek, eta horien artean aukeraketa sakona egin behar izan dute, ostean, erakusketan erabiltzeko.
Klaustroan zehar hainbat panel jarri dituzte, taldeak Juventud Deportiva Mondragon izena zuenetik gaur egunera artekoak: 1965 urteko prentsa-ebakinak, 1969 urte aurreko argazkiak, 1969 eta 1980 urte bitartekoak, 1980-1987 urte artekoak, Arrasate Atletikoren lehen urteak, Mojategira salto egin zutenekoak, atleta nabarmenduak, Arrasateko atleten errekorrak eta markak, eta azkenik Fernando Zufiria Txufi-ri eskainitako panel bat ere bai.
Atleta nabarmenduen artean, hauek:
- Jose Antonio Gay
- Maria Angeles Ancin
- Matilde Garai
- Enrique Kabiketa
- Bittor Alonso
- Elvira Gamboa
- Rosa Otxandiano
- Ignacio Maizbide
- Jonathan Perez
- Maialen Axpe
- Malen Ruiz de Azua
- Istar Dapena
- Iñigo Uribarren
- Eneko Carrascal
- Alex Agiriano
- Ibai Fernandez
Argazkiez gain hautatu eta antolatzeaz gain, dekorazio lan txukuna egin dute klubeko arduradunek. Kulturateko klaustroan zehar Arrasateko atletek egindako markak plasmatu dituzte. Lurrean luzera saltoan eta salto hirukoitzean lortutako errekorrak irudikatu dituzte, eta paretetan aldiz, Istar Dapenak eta Maialen Axpek egindako salto handienak irudikatu dituzte, paretan pertikak jarriz.
Aitortza
Atleten lanak eta lorpenak oihartzuna izaten dute komunikabideetan, eta hainbat sari eta aitortza jaso izan dituzte urte hauetan zehar. Baina lorpen horiek ez lirateke posible izango klubaren zuzendaritzan ilunpeko lana egin duten lagun horiek gabe. Hala, gaurko ekitaldia isilpeko langile horiek omentzeko baliatu dute, eta intsigniak banatu dizkiete klubeko presidente izandakoei:
- Luis Mora: presidente izan zen 1969tik 1974ra, eta entrenatzaile lanak ere egin zituen.
- Antonio Arana: presidente izan zen 1974tik 1975ra, eta aldi berean epaile lanak egin zituen Atletismo Nacional-en.
- Carlos Arizabaleta: Atleta gisa aritu ostean, klubeko presidente izan zen 1977tik 1979ra.
- Jose Manuel Alvarez Sobrino: Aurrez atleta izandadakoa, kluba zuzendu zuen 1979tik 1982ra.
- Jose Ignacio Elorza: Klubean lan itzela egindakoa. Presidente izan zen 1975tik 1977ra, eta ostean berriz errepikatu zuen, 1982tik 1987ra, Juventud Deportiva Mondragon izenpean egindako azken urteetan. Klubarekiko eta Arrasateko atletismoarekiko konpromiso irmoa erakutsi duen laguna da, 1969tik 1987ra Juventud Deportiva Mondragoneko zuzendaritza batzorde guztietako partaide izan baita, presidente, presidenteorde, diruzain, idazkari eta entrenatzaile rolak hartuz. 1987an Juventud taldea desegin eta Arrasate Atletiko sortu zen, eta hor ere bost urte egin zituen presidente 1992ra arte.
- Jon Ormaetxea: Azken 28 urteetan klubeko presidentea. Ia hiru hamarkada presidente gisa, eta gaur egun taldeak duen harrobi emankorraren arduradunetako bat.