Kulturolarentzat, guztira, 1.100.000 euroko dirulaguntzak lortu ditu Gobernuak

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 29a, 20:26

Maria Ubarretxena alkatea eta Jose Ramon Mendieta Kultura zinegotzia.

Horietan azkena, 900.000 eurokoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko 2020ko aurrekontuetatik lortu dute; EAJren emendakin bat onartua izan zen, proiektua laguntzeko diru lerro espezifiko bat sortuz. 2018ko martxoan 186.440 euroko laguntza lortu zuten Eusko Jaurlaritzatik; beraz, guztira, 1.100.000 euro inguru lortu dituzte.

Agerraldia egin dute gaur Maria Ubarretxena alkateak eta Jose Ramon Mendieta Kultura zinegotziak, Kulturola finantzatzen laguntzeko, guztira, 1.100.000 euro lortu dituztela jakinarazteko. Aipatu dutenez bi lekutatik lortu dute finantziazioa: 900.000 euro Gipuzkoako Foru Aldunditik eta 200.000 euro Eusko Jaurlaritzatik –azken laguntza honen berri 2018ko martxoan eman zuten–. 

Bi leku horietan egin dute dirulaguntza eskaera, eta "berritzaile eta esanguratsu" izateagatik eta "izaera komunitarioa edukitzegatik" lortu dituztela azaldu dute, besteak beste; baita "ondare historiko-industriala sustatzeagatik" ere. 

Eusko Jaurlaritzaren kasuan, Euskal kultura ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko programaren bidez lortu dute 186.440 euroko laguntza. Hiru ekitalditan banatuta jasoko dutela azaldu dute; 62.146.67 euro 2019an, 62.146.67 2020an eta beste horrenbeste 2021ean. 

900.000 euroko laguntza, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2020ko aurrekontutik dator, espreski Kulturolarentzat sortutako partida batetik. "EAJk emendakin bezala eskatu zuen aipatutako dirulaguntza, eta onartua izan zen" azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. Hala, 2020an 550.000 euro jasoko ditu Udalak, eta 2021ean gainontzeko 350.000 euroak.

"Askotan entzun dugu gure bailarara ez dela Diputazioko dirua heltzen, eta Donostia bezalako lekuekin alderatuta, baztertu antzean gaudela. Horregatik asko pozten gaitu Arrasate moduko herri batentzat halako dirulaguntza garrantzitsu bat lortu izanak. Berri oso ona da erakunde ezberdinetatik Kulturola jasotzen ari den babesa. Kulturola Arrasateko zein eskualdeko Kulturaren sormen eremu eta bilgune izango da. Proiektu estrategikoa da, eta herriko zein eskualdeko mugimendu kulturalaren traktore izango da. Kulturaren bueltan dabiltzan sortzaileen bateragune. Gure artea, musika, diseinua… sorkuntza lan oro bultzatzeko faktoria”.

Lanak, martxan

Kulturola eraikina birgaitzeko lanak berriki hasi dira exekutatzen. Aurrekontua 6.150.000 eurotakoa da eta zaharberritze lanak Construcciones Moyua, S.L. enpresak burutuko ditu, obra esleipen-lehiaketan puntuaketa altuena zuen proposamena izan ostean. Obra egiteko epea 16 hilabetetakoa da, eta une honetan eraikinaren barruko eraispen lanak aurreratuta daude, baita estalkikoak ere.

2020ko aurrekontuetan 500.000 euroko partida ezarri zuen Gobernuak Kulturolarentzat. Aurrez aurreztutako guztiarekin, eta aurten Udal Aurrekontutik eta Foru Aldunditik jaso duenarekin bultzadarekin, ia bere osotasunean finantzatuta egongo litzateke. 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak