Arrasate Herri Eskolako profesionalak eta bertako guraso elkarteko kideak "ilusioz" daude Musakolako Herri Eskola berritua gertuago dagoela ikusita. Eraikin berri bat izateaz, Lehen Hezkuntzako eskaintza publikoa eroango du auzora – gaur egun Erguinen dago soilik– eta horrek hainbat onura ekarriko dizkie: 0-18 urte bitarteko ibilbide osoko eskaintza auzotik irten gabe egitea eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen arteko elkarlana eta gertutasuna, besteak beste.
Oraindik "bi edo hiru urte" beharko dira eraikina bukatuta egoteko, baina berriki beste urrats bat egin dute, eskola proiektuaren idatzizko esleipena eginda. "Idatzizko proiektu hau, barne elkarlanaren bitartez, Jaurlaritzak, Udalak eta Herri Eskolako lagunek findu dugu. Auzoan integratze aldera arkitektura ikuspegitik zaindua, modernoa, alboko parkearekin lotuta eta auzoaren erdian kokatuta egongo da. Energetikoki oso efizientea izango da eta sarreran estalki handi bat izango du, patioa estalpean izateko. Fatxada eta barnealdeko materialak atseginak eta mantentze baxukoak izango dira. Era berean, Arrasate Herri Eskolak aspalditik aplikatzen duen metodologia gauzatzeko barne espazio egokiak bermatuko ditu: gimnasioa, psiko gela, jantokia, erabilera askotariko gela, liburutegia, informatika gela, bilera gela…" azaldu dute Eskolako eta Guraso Elkarteko ordezkariek.
Hurrengo urratsak
Idatzizko proiektua esleituta, une honetan "administrazio tramite fasean" daude, ingurumen inpaktua eta zenbait baimen kudeatzen. Ostean, obra lizitatzea eta hura gauzatzea izango lirateke hurrengo urratsak.
Eskola komunitateko kideak elkarlanean ari dira patio berria definitzen, eta genero ikuspegia txertatuta egotea nahi dute. Horretarako, herritarren ekarpenak batu nahi dituzte: "Auzo osoari zabalik egongo den eraikina eta eskola nahi dugu. Irekia zentzu guztietan, eraikina bera ez ezik, aniztasuna aberastasun bezala ulertzen duen eskola garelako". Duela hamar urte pasa hasi zuten gurasoek Musakolan 0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintza edukitzeko ibilbidea.
Orain arte Udalari eta Jaurlaritzari aldez aurretik egindako ahaleginak "eskertu" dizkiete, eta azken tramiteak ahalik eta azkarren egitea eskatu ere, "Arrasaterentzat hain beharrezkoa den eskola publikoa, euskalduna, anitza eta kalitatezkoa elkarlanean bermatzen jarraitzeko".