Lan mundura gerturatu, bizitzan aurrera egin ahal izateko

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 23a, 18:12

Esklusio egoeran daudenei eta lana aurkitzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko Udal Gobernuak programa bat abiarazi zuen 2019ko martxoan. Lan r bai du izena, eta hezitzaile batzuen laguntzarekin eraikuntzarekin lotutako ofizioak lantzen dituzte, eta behin programa amaituta, lan-mundurako edo formatzen jarraitzeko plan pertsonalizatuak egingo dizkiete. 

Bazterkeria egoeran zeuden arrasatearrei aukerak emate aldera, programa berritzaile bat abiarazi zuen Gobernuak iaz. Egoera horretan zeuden hamabost lagun aukeratu zituzten Udaleko Gizarte Zerbitzuek, eta Udalaren propietatekoa den etxe batean urtebeteko formazio bat ematen hasi ziren, ostean, euren kabuz, lan mundura salto egiteko, edo formatzen jarraitzeko.  Hala, 2019ko martxoan jarri zuten programa martxan, Hondarribia kaleko 3. atarian dagoen etxean.

Parte hartzaileen perfila askotarikoa da, 19 urtetik ia 50 urteraino: Foru Aldundiko familia eta egoitza harrerako baliabideetatik atera diren 18-23 urteko gazteak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak, ezgaitasuna baloratua duten pertsonak edo balorazio-prozesuan daudenak edo egoera legalki erregulatu gabe duten etorkinak, besteak beste. Proiektuak hamar hilabete egin dituen unea baliatu dute horren berri emateko, eta zera adierazi du Gizarte Ongizate zinegotzi Maitane Muñozek programaren helburuei buruz: "Gizarte eta hezkuntza laguntzaren bidez, prestakuntza normalizatura edo lan-merkatura, babestura edo normalizatura, iristeko behar diren tresnak, baliabideak eta trebetasunak eskuratzea dugu jomuga; finean, egoera honetan dauden arrasatearrak gizartera eta lan mundura integratzea. Inor albo batera uzten ez duen herria delako Arrasate. Uste da pertsona horiek ez daudela prestatuta prestakuntza- eta enplegu-zirkuitu normalizatuetan integratzeko, eta programa hau aukera bat da alderdi pertsonalak, antolakuntzakoak eta harremanetakoak lantzeko, gero enplegu babestuaren eta normalizatuaren bidez gizarteratzea bermatzeko".

Bi hezitzaileak eta irakasle bat

Parte hartzaileek eraikuntzarekin lotutako ofizioak jorratzen dituzte –arotzeria, igeltserotza, lorezaintza...– gai horietan aditua den irakasle batekin,  eta euren egoera pertsonala gertutik ezagutzen duten bi gizarte-hezitzailerekin. 09:00etatik 14:00ak arte aritzen dira bertan, eta egiten duten lanagatik beka bat jasotzen dute, eguneko 10 eurokoa gutxi gorabehera.

Urtebeteko formazioa amaitzean, parte hartzaileek zein irtenbide izan ditzaketen galdetuta zera azaldu du Jimenezek: "Bakoitzaren egoera kontuan izanda, plan pertsonalizatuak egingo dizkiegu: prestakuntza-arautura, insertzio planak dituzten enpresetara, edo enplegu babestua duten enpresetara. Horretarako harremanak ditugu, bai insertzio enpresekin, eta baita enpresa arruntekin ere".

Askotariko lanak

Eraikina oso egoera prekarioan zegoen, eta hura atontzen joan dira, ikasten dituzten teknikak aplikatuz. "Etxe kanpoko ingurua oso egoera kaxkarrean zegoen. Adibidez, etxearen atze aldea, oihan basati moduko bat zen, eta euren lanari esker ortu eder bat sortu dugu hemen" azaldu du Javier Jimenez gizarte-hezitzaileak.

Etxearen kanpo aldean zegoen lokal bat ere atondu dute, arotzeria lanak eginez eta kanalizazioak eginez. Terraza estiloko  gune bat ere jarri dute, eta baita eurek egindako negutegi bat ere bai.

Martxoan, beste hamabost

Martxoan amaituko da ‘Lan-r-Bai’ ekimenaren lehen urtea, eta bertako 15 parte-hartzaileei beste hainbeste arrasatearrek hartuko diete lekukoa, gizarte inklusioa eta lan munduratzea errazteko tresnak eta baliabideak lantzeko.

Bi urteko programa honen aurrekontu osoa 393.441 eurokoa da, 196.721 € urteko, eta Arrasateko Udalaren ekarpen ekonomikoaz gain, Europar Gizarte Funtsak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere babesten dute.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak