SHREC ekimenerako Arrasateko lan-taldea hasi da lanean

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 17a, 10:02

SHREC proiektuko lehen bileran parte duten eragileak, asteazkenean. (Argazkia: Arrasateko Udala)

Energia berriztagarrien erabilpena areagotzea helburu duen europar proiektua da, eta aste honetan egin du lehen bilera Arrasateko lan-taldeak. Hauek dira partaideak: Udala, Goiener, Mondragon Unibertsitatea, Ikerlan eta Fagor Taldea. Debagoiena 2030 Berrikuntza Plataformak ere bat egin du proiektuarekin eta aurrerago H-Enea Living Lab enpresak ere hartuko du parte.

SHREC proiektuaren helburu nagusia da publikoak hobetzea, energia-iturri berriztagarriak zabaltzeko eta, era berean, energia horien ekoizpena eta kontsumoa sustatu eta errazteko enpresetan, auzo-komunitateetan edo etxebizitza partikularretan, karbono gutxiko energia-eredura iristeko.

Maria Ubarretxena alkateak oso aberasgarritzat jo du lehen bilera: "Uste dugu trantsizio energetiko hori ez dagokiola Udalari bakarrik, eta horregatik, garrantzitsutzat jo dugu herriko eragileak prozesuan inplikatzea. Elkarrekin gehiago gara, aberatsagoa da jarduna eta herriko zein bailarako iritzi ezberdinak uztartuko ditugu horrela, eredu egokiena kontsentsuz aurrera atereaz eta berritzaileak izan daitezkeen proiektu pilotoak martxan jarriz".

Gaur egun, Arrasatez gain, SHREC proiektua Europako beste zazpi erakundek osatzen dute: hiru unibertsitate - Lituaniako Vilnius Gediminas Unibertsitatea, Herbehereetako Zientzia Aplikatuen Hanze Unibertsitatea eta Suediako Mid Sweeden Unibertsitatea – Gobernu mailako hiru energia-agentzia - Eslovakiako berrikuntza- eta energia-agentzia, Frantziako Auvergne Rhone-Alpeen ingurumen- eta energia-agentzia eta Errumaniako Munteniako iparraldeko eskualdeko garapen-agentzia – eta eskualdeko gobernu bat – Italiako Piamonte eskualdea.

"Egia da Arrasate erreferentzia dela Europan gizarte-berrikuntzari dagokionez, baina oraindik aurrera-pausuak emateko bidea dugu energia berriztagarrien arloan. Hori dela eta, Arrasate gai askotan puna-puntako izan da beti eta trantsizio energetikoari dagokionean ere berritzaileak izan nahi dugu biztanlegoa inplikatzen, horretarako proiektu pilotu bat abian jartzea da ideia. SHREC proiektuak 1.844.165 euroko aurrekontua izango du. Aurrekontu horretatik, 164.448 euro Arrasateko proiekturako erabiliko dira, eta %90 inguru Europak finantzatuko du. Maria Ubarretxena alkateak esan duenez, "SHREC elkarren arteko etengabeko ikaskuntza-prozesua da, eta, prozesu horretan, bazkide diren erakunde eta erakunde guztiok elkar aberastuko dugu helburu bakar bat lortzeko: gure etorkizuna eta gure planetarena diren energia berriztagarrietarako bidean eta trantsizioan aurrera egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak