Mondravember taldekoek 4.000 euro batzea lortu dute

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 15a, 17:51

Mondravember taldeko kide batzuk, 2019ko familia argazkia ateratzen (Argazkia: Mirari Altube)

Bibote solidarioen mugimendua handitzen doa urterik urte, eta,  neurri berean, taldeak batzea lortzen duen diru kopurua ere. Mondravember bezala aritu ziren lehen urtean, 2017an, 350 euro batu zituzten CIC Biogunerentzat; 2018an 1.200 euro; eta 2019an, ordea, 4.000 euro. "Zorionak Arrasateko herriari, egin duen ekarpenagatik" adierazi dute taldeko kideek.

Urte emankorra izan da 2019a Mondravember taldea osatzen dutenentzako. Arrazoi askorengatik: mugimendua gero eta errotuago dagoelako herrian, antolatutako ekintzak eta sinergiak ugaritu direlako, eta baita batutako diru kopurua hirukoiztea lortu dutelako.

2017tik, hazten

2017an hasi ziren Mondravember bezala funtzionatzen. Aurretik pare bat ekitaldi egin zituzten Movember bezala, baina batutako dirua nora bidali euren kabuz erabakitzeko talde propioa sortu zuten urte hartan. Lehen ekitaldian 350 euro batu zituzten errifak eta bestelakoak saltzen, 2018an mugimenduak hazkunde bidean jarraitu zuen, eta horren adibide izan zen batutako dirua ere. 1.200 euro batu zituzten, aurreko urteko kopurua baino hiru aldiz pasatxo gehiago. Diru hura Derion dagoen CIC Biogune ikerketa zentrora bideratu zuten; konkretuki, Arkaitz Carracedo ikerlariak prostatako minbiziaren aurka daraman ikerketara.

Mondravemberreko kideak ez dira lortutakoarekin konformatzen eta 2020an hazten jarraitzeko ideia berriak dituzte

Eta aurten ere hazkunde maila bera mantendu dute. 4.000 euro batu dituzte; 2018an batutakoa hirukoiztu, eta 400 euro pasa. 2020an iazkoa hirukoiztea helburu duten galdetuta, hona taldeko kide Iban Arroiaberen erantzuna: "Ondo legoke berriz hirukoiztea; ez dakit lortuko dugun, baina badakit gure esku dagoen guztia egingo dugula ahalik eta gehien batzeko. Aurten, adibidez, errifez gain, ekintza berri bat abiatu zuen Hoba tabernak, eta ondo funtzionatu du. Pintxo-potean garagardoa bi eurotan mantendu zuten, garagardo bakoitzeko euro bat Mondravemberri bideratzeko".

Mondravember taldeak CIC Bioguneri  egin dion ekarpenaren diploma. (Argazkia: Mondravember)

Ikusgarritasunaren garrantzia

Dirua garrantzitsua dela dio Arroiabek, baina are gehiago ikusgarritasuna. "Batzen dugun diruari inongo garrantzirik kendu gabe, garrantzitsuagoa iruditzen zait gaiari ematen dion ikusgarritasuna. Arkaitz Carracedoren eta bere lankideen ikerketak kostu ekonomiko itzela du. Ekarpen ekonomikoa egiten dugu, gero eta handiagoa dena, baina, eurek esanda, gaiari ikusgarritasun handia ematen diogu, eta hori asko eskertzen dute".


Arkaitz Carracedo –eskumatik, bigarrena– eta CIC Bioguneko lankideak, Mondravember taldeak egindako ekarpen ekonomikoa jasotzen duen diplomarekin. (Argazkia: CIC Biogune)

2020rako ideia berriak

Mondravemberkoak ez dira lortutakoarekin konformatzen eta hazten jarraitu nahi dute. Aurtengo ekitaldira begira, badituzte, jada, ideia berri batzuk: herri kros bat egitea, eskoletan hitzaldiak egitea minbiziari buruz eta enpresen ekarpen gehiago lortzea, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak