Ospitaleko 'Putzu'-an egingo diren erosketako etxe gehienak saldu gabe daude

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 13a, 18:24

63 dira bertan egingo diren erosketako babes-ofizialeko etxeak, eta gaur-gaurkoz 36 daude saldu gabe. Etxebideko zerrendetan soilik 48 arrasatear daude izena emanda etxebizitzak erosteko modalitatean eta horien artean egin zuen esleipena Visesak; 27 lagunek erantzun dute baietz, hamazortzik uko egin diote eta hiruk ez dute erantzun. Egoera horren aurrean, laster Debagoiena osora zalduko du deialdia Visesak. 

Etxebizitza publikoak esleitzeko orduan gehiago izan ohi dira eskatzaileak eskaintzen diren etxeak baino, eta horregatik zozketak egin izan dira etxeak esleitzeko. Baina Visesak ospital alboan egingo dituen etxebizitzekin aurkakoa pasatu da: eskaintzen diren etxeak baino eskatzaile gutxiago daudela. Hain justu, erosketako 63 etxe eskaintzen dituzte, eta Arrasaten erroldatutako 48 eskatzaile daude Etxebiden erosketa modalitatean.

Visesak 48 eskatzaile horien artean esleitu zituen azaroan erosketara bideratuko dituen 63 etxebizitzak –dagokien garaje partzela barne–,  jakinda horietako hamabost hutsik geratuko zirela –ez baitzegoen eskatzaile nahikorik–. Baina guztiek ez dute baiezkoarekin erantzun, eta aurreko ostiralean, hau zen salmenten egoera:

  • 27 lagunek baietz erantzun dute.
  • Hamazortzi lagunek uko egin diote.
  • Hiru lagunek ez dute oraindik erantzun. 

Une honetan esleipen prozesua guztiz itxi gabe dago. Prozesu horretan parte hartzeko bi baldintza bete behar ziren: Arrasaten erroldatuta egotea eta Etxebiden izena emanda egotea, erosketa modalitatean. Behin esleipen epea igarota, Visesak deialdi berri bat egingo du libre dauden erosketako etxe horiek esleitzeko, baina kasu horretan, Arrasatez gain, Debagoieneko beste herrietara zabalduko du prozesua. Deialdi berria noiz egingo duten galdetuta Visesako arduradunek ez dute data zehazten jakin. 

Etxebizitzen ezaugarriak

Visesak inguru horretan egingo dituen lehen 114 etxeetatik 63 erosteko dira, eta 51, aldiz, alokairurako. Erosketarako 63 horiek ezaugarri eta prezio hauek dituzte.

  • Bi logelako 21 etxe: 58,41 eta 59,68 metro koadro arteko azalerekin.
    • Prezioa: 124.900 eta 133.900 euro artean (%10eko BEZ barne).
  • Hiru logelako 39 etxe: 76,82 eta 89,03 metro koadroko azalerekin.
    • Prezioa: 154.900 eta 178.200 euro artean (%10eko BEZ barne).
  • Mugikortasun arazoak dituztenentzako, bi logelako hiru etxe, 89,98 metro koadroko azalerarekin.
    • Prezioa: 179.500 eta 182.500 euro artean (%10eko BEZ barne).

Etxebizitzak azalera eskubidean erosiko lituzkete eskatzaileek. Horrek esan nahi du eraikitakoa erosleen jabetzakoa dela, baina erakina dagoen lurzorua jabetza publikoa dela. Hala, behin 75 urteko epea pasata etxe hori Jaurlaritzaren jabetzakoa izatera pasatzen da –kalte-ordainik ordaindu gabe– erosleek ez badute aurretik lurzoruaren jabetza erosten. Aldiro-aldiro Jaurlaritzak lurzoruaren jabetza propietatean erosteko eskaintzak igortzen dizkie etxeen jabeei.

[Azalera-eskubidea erosketa moduari buruzko xehetasun gehiago, hemen].

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak