Arrasatetik Salamancara eta artelanak lagun

Naroa Urien Berrio 2020ko urt. 13a, 11:00
Jose Ignacio Perez, bere azken eskulturan lanean.

Euskal Herrian jaioa, Jose ignacio Perezek harreman berezia izan du beti naturarekin. Gaztetan basogintzan lan egin zuen eta ondo ezagutu zituen egurra lantzeko teknikak. Gaur egun, Salamancan bizi da eta eskulturaren munduan dihardu.



Jose Ignacio Perez Martin Arrasaten jaio zen 1963. urtean. Salamancako Frantziako mendilerroa ezagutu zuen La Alberca-ra, bere amaren jaioterrira, egindako bidaietan, eta bertako paisaiaz maitemindu zen. Bere aita hil eta gero, 2007. urtean, hara aldatu eta Euskal Herrian ikasitako teknikak praktikan jarri zituen. Gaur egun, gaztainondo egurrarekin eginiko eskulturen erakusketak egiten ditu Salamancako udalerri ezberdinetan eta bere azken lanetako bat Arrasateko Portaloiaren erreplika bat izan da. Azken hau laster Arrasateko Udalari oparituko dio, erakusgai egon dadin; "Arrasateko herritarrek nire lana ikusi ahal izatea ohore handia izango litzateke", dio.

Basogintzatik artera

Artista arrasatearrari gaztetatik datorkio basoarekiko maitasuna. Gazte zenean, zahartutako zuhaitzak ebakitzen zituen, partzela partikularretan. Basogintzan lanean zebilela, egurra ebaki eta forma bitxiak lortu ahal zituela antzeman zuen. Gainera, motozerrarekin asko trebatu zen eta figura zehatzak egiteko gaitasuna bereganatu zuen. Hau izan zen bere aro artistikoaren hasiera, bere lanaren egur soberakinak pixkanaka obra bihurtu zituen trintxa, zerra edo motozerra erabiliz. "Zuhaitz lehorrak ebaki eta totemak egiten hasi nintzen. Hasieran ez nekien oso ondo zer egiten nenbilen, baina laster konturatu nintzen eskulturak egitea gustuko nuela", dio Perezek.

Arrasateko Portaloia

Artista arrasatearrak euskal teknika euskaldunengana helarazi nahi du. Horretarako, Arrasateko Portaloiaren zurezko erreplika bat egin du eta Arrasateko Udalari oparituko dio, bertan jarri eta herritarrek ikus dezaten: "Herrimina izaten dut askotan, eta bat-batean Arrasateko Portaloia etorri zitzaidan burura. Lanean jarri eta zurezko eskultura egin nuen. Orain, Arrasatera eraman nahi dut, bertan nire zatitxo bat egon dadin". Gainera, Perezek euskal teknikarekin harremana mantendu du betidanik; zurezko zuzeneko tailua egiten du, euskal eta galiziar artista garaikide bikainek egin izan duten bezala.

Mezudun artelanak

Gaztainondo zurez zizelkatutako eta errealismo oso bereizgarri eta enblematikoaren estetika duten artelanak egiten ditu Perezek. Zura lantzeko duen modua zakar gisa definitzen du; izan ere, transmititzen duen mezuari garrantzi handiagoa ematen dio egiten duen moduari baino. Horren adibidea da bere azken erakusketako gaia, herri indigena garaikideetan begirada geureganatzea bilatzen duena. "Orokorrean, gaiak ideal internazionalistetan oinarritutakoak izaten dira. Martin Txirinok eskultura pasioa zela zioen, eta Pablo Vargallok eskultura abstrakzioa zela. Nik biak nahasten ditut", azaltzen du artistak.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak