Kooltur Ostegunetako kontzertuak, Goienan

Amaia Aranegi 2020ko urt. 10a, 13:35

Kooltur Ostegunetako kontzertuak grabatzen eta emititzen hasi da goiena. Hain zuzen ere, kontzertuaren hurrengo asteko egubakoitzean emititzen dira telebistan, gaueko hamaiketan, eta gero webgunean ikusteko aukera ere badago.

Kooltur Ekintzak eguenero 22:00etarako Arrasateko gaztetxean antolatzen dituen kontzertuak emititzen hasi da Goiena, telebistan. Bi kontzertu emititu ditu dagoeneko eta gaur gaueko hamaiketan hirugarrena eskainiko du. Kooltur Ostegunetako kontzertuek jatorri ezberdinetako taldeez eta musika estilo ezberdinez gozatzeko aukera eskaintzen dute. Horregatik, Kooltur Ekintzako kideekin elkarlanean, kontzertuak grabatu eta emititzen ditu Goienak. Kontzertuaren hurrengo asteko egubakoitzean gaueko hamaiketan emititzen da telebistan, eta gero www.goiena.eus atarian dago ikusgai. Abenduaren 27an emititu zen lehen kontzertua, The Capaces taldearena. Bigarrena urtarrilaren 3an: Sua taldearen kontzertua emititu zen. Eta gaur, abenduaren 26an gaztetxean egon zen Brahman talde japoniarraren kontzertua ikusteko aukera egongo da. Talde honek itxi zuen aurreko urteko Kooltur Ostegunetako musika zikloa. Ibilbide luzeko eta eskarmentu handiko taldeak punk-rocka hardcorearekin nahasten du. Talde desberdin eta exotiko hau 1996an sortu zen eta 2018. urtean harrera ona izan zuen seigarren diskoa kaleratu zuen. Japonian oso ezaguna den laukote honek jarraitzaile sutsuak ditu.

Egubakoitzetan 23:00etan Goiena telebistan, eta 'Goiena.eus' atarian

Urtarrileko egitaraua

Atzo izan zen aurtengo Kooltur Ostegunetako lehen kontzertua, eta Moonshakers taldeak zabaldu zuen aurtengo Kooltur Ostegunetako musika zikloa. Moonshakers Bilboko laukotea da, 2014tik agertokietan sutsu lanean dabilena. Rocka zentzu zabalenean lantzen dute: garagea, psikodelia, punk-rocka... Dagoeneko bi disko luze kaleratu dituzte: Moonshakers eta Visitantes. Kontzertu hau hurrengo barikuan egongo da ikusgai Goiena telebistan.

Urtarrilaren 16an, Inoren Ero Ni taldea izango da gaztetxean. 2002. urtean Andoainen sortutako euskal rock musika taldea da hau. Dagoeneko sei disko kaleratu dituzte eta hurrengo ostegunean gaztetxean izango dira.

Urtarrilaren 23an, Pelax taldeak joko du; taldea laukote batek osatzen du: Iker Vazquez (bateria), Iñigo Ozaeta (baxua), Andoni Olaetxea (gitarra) eta Unai Pelayo (gitarra eta ahotsa). Gitarra doinuak ahots gordinez jantzi eta rock doinuak zabalduko dituzte urtarrileko azken kontzertuan. Izan ere, azken ostegunean, urtarrilaren 30ean, greba orokorra dela-eta ez da kontzerturik egongo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak