Kartzelako bizimoduaren gordintasuna, Santi Cobosen prismatik

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 8a, 09:58

Santi Cobos, Premin Sampredro alboan duela, Irati Topalekuko entzuleen aurrean hizketan. (Argazkia: Jokin Bereziartua)

Familia liskar bat tarteko sei urterako sartu zuten kartzelan, eta bertan pilatutako delituengatik 26 urtez egon zen preso; 51 urte ditu orain, eta duela zazpi urte aske dago, baldintzapean. Atzokoan kartzelan bizi izan zituenei buruz jardun zuen Irati tabernan, besteak beste, ihesaldi saiakerak, FIES galerietako baldintzak, edo espetxeko langileen tratu txarrak moduko gaiak aipatuz.  

Bizitzako zati handiena kartzelan pasa duen pertsona da Santi Cobos. Ohiko preso bat izan arren, kartzelan errebelde izan zen, eta horrek espetxearen alde gogorrena bizitzera eraman zuen. Hainbat ihesaldi eta matxinada saiakeratan hartu zuen parte, eta horren eraginez urteak pasa zituen FIES –Jarraipen Bereziko Barneratuen Fitxategia– galerietan preso. 

[Abenduan, Argia aldizkarian, elkarrizketa egin zioten kartzelako bizipenei buruz; irakurtzeko egin klik hemen]

Atzo, Irati tabernan izan zen kartzelako bizimoduari buruzko jarduteko. Billabonako kartzelan Cobosekin kointziditu zuen Premin Sampredro arrasatear preso ohia aritu zen moderatzaile moduan, eta espetxearekin lotutako askotariko gaiei buruz mintzatu zen Iratin batutako ikusleen aurrean: isolamendu moduluetako bizimodua, espetxeko langileen partez jasotako "tratu basatia", askatasun desira eta 80. eta 90. hamarkadan komunikabideek presoei egiten zieten "kriminalizazioa", besteak beste. 

Premin Sampedro eta Santi Cobos. (Argazkia: Jokin Bereziartua).

Kartzelan egin zituen urteetan euskal presoek eman zioten babesaz ere jardun zuen. Eskupilotan jolasten hasi zuen eurekin harremana, eta moralki eta logistikoki laguntza handia eman ziotela azaldu zuen. "Begietara begiratzen zizuten, ezkutuko intentziorik gabe. Edozertan laguntzeko prest zeuden, eta pertsona zentzudunak ziren" azaldu zuen Cobosek. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak