Arrasateko autobus gordelekuan lan-istripua gertatu dela salatu du LABek

Itziar Larrañaga Sarasola 2019ko abe. 27a, 10:55

Lurraldebus autobus bat. (Artxiboko irudia)

LAB sindikatuak azaldu duenez, abenduaren 24an gertatu zen lan-istripua Transportes Pesa S.A. enpresak Arrasaten duen autobus gordelekuan: "Langilea bi autobusen artean harrapatuta geratu zen, eta Gasteizko ospitalera eraman zuten".

Istripu horren harira, sindikatuak Grupo Avanza taldeko Pesa enpresak Arrasaten dituen instalazioen "baldintza eskasak" azaleratu nahi izan ditu. Autobus-tokia "oso txiki" geratu dela salatu dute; autobusak gero gehiago eta handiagoak direla esan dute, eta ondorioz, "espazio arazoa arrisku larria izaten" hasi dela.

LABen hitzetan, ezbeharra espazio murritzak eragin du: "arrazoia da ez dagoela maniobratzeko lekurik, eta beti egon behar dugu gutako bat lankideari laguntzeko, autobusa atera eta sartu ahal izan dezan".

Istripua izan zuen langilearen egoerari dagokionez, uneotan ZIUn –Zainketa Intentsiboetako Unitatea– (UCI gaztelaniaz) dagoela azaldu dute: "Arriskutik kanpo, baina pelbisa eta hainbat saihets hautsita ditu. Ospitaleko mediku taldea Donostiako ospitalera eramatea baloratzen ari da".

GOIENA Pesa taldearekin harremanetan jarri da lan-istripuari buruz galdetzeko, baina jaiegun hauetan informazio hori eman dezakeenik ez dagoela azaldu dute bulegotik.

Arrasateko autobus gordelekua

Abenduaren 13an izandako lur-jausiak autobus gordelekuan eragindako kalteei buruz ere hitz egin du sindikatuak. Azaldu dutenez, "enpresak ez du arazo hori oraindik konpondu", eta "gero eta baldintza okerragoetan" daudela nabarmendu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak