Arrasaten Gabonetako bost hitzordu ezinbesteko

Amaia Aranegi 2019ko abe. 21a, 09:00

Gabonetan arrasaten badira hainbat ekintza eta hitzordu ohitura bilakatu direnak. Egun batzuk arrasatear askoren egutegietan markatuta daude eta urterik urte ez dute hutsik egiten. Familian eta lagunartean egiteko ekintzak ez dira falta garai hauetan.

JAIOTZEN ERAKUSKETA

Izartsua Belenzaleen Elkartearen eskutik

Duela zortzi urtetik, Arrasateko Belenzaleen Elkarteak jaiotzen erakusketa antolatzen du San Frantzisko elizan. Hogeita bat sekuentzia historikoren bitartez, Jesusen bizitza azaltzen du erakusketak. Gainera, artisau-figurekin osatutako jaiotza nagusi bat dago pieza eta xehetasun askorekin: Arrasateko dragoia, errementaria, Olentzero... Kutsu kulturala duen jarduera honek denetariko publikoa batzen du: erlijiosoak direnak eta ez direnak. Gabon garaian, familia artean jende asko gerturatzen da eta harrena ona izaten du erakusketak. Abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.

TXORONPIA ETA TXORONPIO

Olentzeroren mezulariak, umeen eskutitzak jasotzen

Txikienek urtean zehar gehien itxaroten duten eguna izaten da eta goizetik edukitzen dute zer egin. Goizean, Txoronpia, Txoronpio eta urterik urte aldatzen den pertsonaia mitologiko bat Arrasateko auzoetan zehar ibiltzen dira herriko umeen eskutitzak jasotzen. Olentzeroren mezulariak herriko dantza taldeekin batera Musakola, Santa Teresa, Munar, San Andres, Uribe eta Seber Altuben zehar ibiltzen dira umeen eskutitzak batzen. Urteroko hitzordua izaten da hau eta Arrasateko guraso eta ume asko batzen ditu. Umeek ilusio handiarekin ematen diete Olentzerori idatzitako eskutitza eta dantzariekin batera festa giroan pasatzen dute goiza.

UDALATXERA MENDI MARTXA

Urtea agurtzeko, lagun eta familiartean Udalatxera

Arrasatear askorentzat ohitura bilakatu den joera da hau. Urteko azken egunean, asko dira familiartean eta lagunartean arrasatearrek hain maitatua duten Udalatx mendira igotzen direnak. Urteko azken eguna aprobetxatzeko nahiarekin, goizean goiz, motxila jatekoarekin eta edatekoarekin beteta, Udalatxera abiatzen dira. Urteko beste egunetan ez bezala, arrasatear asko pilatzen dira bidean. Behin tontorrera iritsita, ospatzeko unea iristen da eta urteak eman duena eskertu eta urte berriak ekarriko duenarengatik xanpainarekin topa egiten dute askok. Horrenbestez, egun berezia izaten da eta askok ez dute hutsik egiten.

GABON ZAHARREKO KONTZERTUA

Ohitura bilakatu den kontzertua, Bandaren eskutik

Arrasate Musikaleko Banda duela hogeita hiru urte sortu zen eta lehenengo kontzertua abenduaren 31n eskaini zuten herriko plazako udaletxeko arkupeetan. Orain, Amaia antzokian egiten dute ohitura bilakatu den kontzertua, 13:00etan. Aldez aurretik entsegua egiten dute eta 11:00etan kalejiran irteten dira herrian zehar, kaleak girotu eta alaitzeko asmoz. Ibilbidean, Iturbide egoitzan ere egiten dute geldialdia. San Juan jaietan egiten duten kontzertuarekin batera, Gabon zaharrekoa berezia izaten da eta harrera ona izaten du herrian. Sarrera 3€koa izango da 20 urte gorakoentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak