Jokin Zaitegi sariketan deialdi bikoitza aurten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko abe. 30a, 12:04

Olga Tokarczuk idazle poloniarra eta Peter Handke idazle austriarra.

Poloniako Olaga Tokarczuk eta Austriako Peter Handke idazleen liburu bana aukeratu dute Arrasateko itzulpen sariketako antolatzaileek aurtengo deialdian; parte hartu gura dutenek urtarrilaren 7rako bidali behar dituzte proposatutako liburuen laginak.

Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, antolatzen dute, urtero, Jokin Zaitegi itzulpen sariketa; lehiaketa irabazten duenak urtean Literaturako Nobel saria jaso duen idazlearen obra bat euskaratu behar du.

Iazko Nobel saria eman gabe utzi zutela eta aurten, Suediako Akademiak bi sari eman ditu: Poloniako Olga Tokarczuk idazleak 2018ari dagokiona jaso du eta Peter Handke idazle austriarrak, berriz, 2019ari dagokiona; hortaz, aurtengo Jokin Zaitegi sariketan bi idazle horien lanak argitaratzeko deialdi bikoitza egin dute.

Polonieraz eta alemanez

Aurreko aldietan moduan, Literaturako Nobel saridunaren obra bat aukeratu dute lehiaketaren bultzatzaileek; oraingoan, batetik, Olga Tokarczuk-en Prowadz swoj plug przez kosci umarlych eleberria, eta, bestetik, Peter Handke-ren Die Angst des Tormanns beim Elfmeter eleberria. "Itzuli gura ditugun liburuak aukeratzeko, aurrez autoreari eta haren lanari buruz ikertu egiten dugu, eta hainbat aditurekin kontrastatu ere bai. Ibilbide luzea du Handke austriarrak, eta haren gaztetako liburu bat aukeratu dugu; nobela labur bat da, bere garaian abangoardia izan zena, kontatzeko teknika berritzaileak zituelako. Tokarczuken liburua, berriz, nobela beltza eta ekologista da, idazlearen pentsamoldearen adierazgarri da".

Polonieraz eta alemanez dauden liburuak dira euskaratu beharrekoak, eta Elkar-eko editore Xabier Mendigurenek dio biak originaletik itzultzeko aukera aurreikusten dutela: "Nahiko ziur esan dezakegu, orain dela urte batzuk ez moduan, gaur egun polonieratik euskara itzultzeko trebatuak badaudela, eta epaimahaikideek ere hizkuntza hori menperatzen dute".

Urtarrilaren 7a, azken eguna

Sariketan parte hartu gura dutenek antolatzaileek proposatutako lagina euskaratu behar dute, eta egindako lana aed@ aedelkartea.eus helbidera bidali, gero. Oinarriak eta informazio gehiago, Postdata.elkar.eus/ jokin-zaitegi-saria-2019 atarian.

Atzera begirako erreportajea Puntua aldizkarian

Urtarrilaren 3an argitaratuko den Puntua aldizkarian Jokin Zaitegi itzulpen sariketari buruzko erreportajea izango da irakurgai.  Puntua etxean jaso nahi duzula? Egin bazkide!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak