Iaz Eguzki Labea izeneko proiektua martxan jarri zuten martxan Arrasate Institutuan. Proiektu hau "Teknologia eta Filosofia mintegien arteko proiektu interdiziplinarra" da Mikel Marcelino irakaslearen esanetan, eta DBHko 3.mailako ikasleekin "gure garapen ereduari buruzko hausnarketa egin eta beste herrialde batzuenganako elkartasuna eta ahizpatasuna lantzea du helburu".
Horretarako, munduko hainbat tokitako errealitateak ezagutu dituzte, hemengoa barne. "Ekonomia ereduari buruz aritu gara, energia ereduari eta baliabide naturalen ustiapenari dagokionez. Azken batez, sentsibilizazio jarduera bat burutu dugu jabetzeko nola eragiten duten eskura ditugun baliabideek gure egunerokoan eta nola eskuratzen ditugun haiek mundu mailan", dio Marcelinok.
Hala, garapen ereduaren gaineko hausnarketa kritikoa egin dute. Era berean, eguzki labeak eraiki dituzte, sentsibilizazio eta elkartasun kanpainaren baitan. Hainbat GKEren bitartez munduko zenbait tokitara bidali dituzte labeok dagoeneko: Uganda, Kongo eta Kenya.
Oraingo honetan, Pakistango Askole herrira bidali dituzte labe gehiago, K2 mendiko espedizioaren abiapuntura, Alex Txikonen lantaldearen bitartez. "Haien feedbacka jaso dugu orain arte egindako bidalketa guztietan eta haiekin harremanak ezarri ditugu". Abenduaren 5ean entregatu zizkioten materiala Txikoni eta hauek autoz eramango dituzte Pakistanera, 24 eguneko bidaia eginez. Aste honetan abiatu dira eta urtarrilean iristea aurreikusten dute.
Ibili enpresaren ekarpena, azpimarratzekoa
Proiektua hau 3. mailan egiten da eta 100 ikasle inguruk hartzen dute parte. Halere, azken bidalketa hau DBHko 4.mailakoek egin dute, hau da, pasa den ikasturteko proiektuan ibili zirenek. "Horrela, proiektuari amaiera eman diote eta, orain, DBHko 3.mailakoek hartu diete lekukoa".
Orain bidali dituzten labeak ekainean bidalitakoen berdinak dira. "Teknika oso eraginkorra da Afrikako herrialdeetan bertako eguzkiaren izpien energia handiarengatik. Askolen eguzkiak ere asko jotzen omen du, baina, tenperaturak oso baxuak dira, 3.040 metrotan dagoelako, eta ez dakigu nola funtzionatuko duten".
Bergarako Ibili enpresak egindako ekarpena azpimarratu gura izan dute ikasle zein irakasleek. "Lapiko pila bat eman dizkigute, musu-truk, proiektua aurrera eraman ahal izateko".