"Neguko triatloia probatuko dut aurten"

Amaia Aranegi 2019ko abe. 5a, 12:03
Eneritz Urrutia, Zumaiako triatloian

Antxintxika taldeko kidea da duela bi denboralditatik eta duatloi eta triatloietan parte hartzen du arrasatearrak. Hurrengo urtera begira, erronka berriak ditu.

Zein izan da honaino iristeko egin duzun bidea?

Duela lau urte, Gasteizeko Ironmana ikustera lagundu nion lagun bati. Orduan, korrika eta bizikletan ibiltzen nintzen. Triatloia egiten ikusi nituen eta nik ere hori egin nahi nuela konturatu nintzen. Hortik aurrera, denetarik egiten hasi nintzen: korrika, bizikleta, igeriketa... Baina momentu batean, mundu honetan hasteko entrenatzaile baten beharra nuela konturatu nintzen. 2017an, entrenatzailea izan nuen, baina ez nengoen talde baten barruan, triatloietan bakarrik hartzen nuen parte. 2018an, Antxintxika taldean sartu nintzen. Geroztik, duatloiak eta triatloiak egiten ditut. Duatloiak denboraldi-aurrean egiten ditut eta triatloiak, berriz, denboraldian.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Denboraldian nagoenean, egunero bi orduz entrenatzen naiz: bizikleta, igeri, korrika eta gimnasioa. Hilabetean, egun bat izaten dut libre. Denboraldia apirilean hasi eta urrian bukatzen da. Neguan Astunen eski monitore egiten dut lan. Horregatik hartzen ditut duatloiak denboraldi-aurre bezala, gerora begira, bestela, oso luzea egiten baitzait denboraldia. Apirilean triatloiekin hasten naiz eta duatloiak denboraldi-aurre bezala hartzen ditut. Aurten, berrikuntza bezala, neguko triatloia probatu nahi dut, otsail edo martxo aldean. Probatu egin nahi dut, zer den ikusteko. Gustatu egiten bazait, den boraldia beste modu batera planteatzea izango litzateke.

Zein izan da orain arte egin duzun lasterketarik bereziena edo gehien gozatu duzuna?

Bitxia da, baina gehien gozatu dudan lasterketa aurten izan dudan lesioaren ondoren egindakoa da. Bizikletan nindoan eta auto batekin istripua izan nuen. Horren ondorioz, denboraldiko lehenengo zatia lehiaketetan parte hartu gabe egon naiz eta bueltan egin dudan lehenengo lasterketa, ez dakit izan zen beste modu batera hartu nuelako edo gutxi entrenatu nintzelako, berezia izan zen. Ekainaren 30an izan zen, Onditz Donostiako triatloia. Jausi ostean beste txip batekin nengoen eta asko gozatu nuen lasterketa. Hortik aurrera ere disfrutatu ditut lasterketak, bakoitza desberdina da, lasterketa bakoitzak bere berezitasunak dauzka. Baina bizitzan gehien markatu nauen lasterketa hori izan zen.

Euskal Herritik kanpo ere ibiltzen zara lasterketetan.

Bai; hasieran, triatloian hasi nintzenean, fobia nion herrian bertan lehiatzeari. Herriko lasterketetan parte hartzeak beti sortu izan dit beldurra. Hasieran, gehienbat, kanpora joaten nintzen lehiaketetan parte hartzera. Triatloian parte hartu nuen lehenengo aldia Madrilen izan zen. Gainera, Madrilen, adibidez, urtero egiten den emakumeen maratoi erdian parte hartzen dut.

"Ilusioa egiten dit, baina presio handia sentitzen dut herriko lasterketetan"

Beraz, herrian lasterketak egitea ez duzu oso gogoko?

Ilusioa egiten dit, baina presio handia sentitzen dut. Oso urduri jartzen den pertsona naiz eta presiopean jartzen dut nire burua. Horregatik, gaizki pasatzen dut herrian bertan lehiaketa batean parte hartzen dudanean, eta ez dut laurden bat ere disfrutatzen. Gero, egia da jendearen animoek asko laguntzen dutela; irakaslea naiz eta jendeak ezagutzen nau, eta kanpoan baino animo eta babes gehiago sentitzen dut, eta hori asko gustatzen zait. Baina egia da beti eduki dudala fobia hori herrian lasterketetan parte hartzeko.

Zeintzuk izango dira hurrengo lasterketak?

Santamas krosean eta Eskoriatzako San Silvestre proban izango naiz.

Emakume gehiago batzeko nahia

Eneritz Urrutia Antxintxika Triatloi taldeko kidea da, eta bi emakume daude taldean. "Mundu honetan emakume gutxi daude. Talde guztiak daude emakume kopuruekin eskas. Baina Debagoienan korrika egiten duten emakume asko daude eta Antxintxika taldeko kide izateko animatu nahi ditugu". Beldur edo ezjakintasunarengatik izan daitekeela dio Urrutiak, baina probatzera joateko dei egiten du: "Erraztasun guztiak ematen dituen taldea gara, edozer gauza behar bada laguntzeko gaude. Beraz, interesa duen edonor probatzera etorri eta beldur hori kentzera animatzen dugu".Urtarrilean hasiko den denboraldiari begira, emakumeak izena ematera animatu nahi ditu Patxi Torres presidenteak: "Taldean emakumeen parte-hartzea sustatu nahi dugu; antxintxika@gmail.com-era idatzita edo 616 15 48 10 telefonora deituta eman dezakete izena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak