Izaskun Murgia Elkarte Lirikoari lekukoa hartuta, opera eta zarzuela pieza ezagunekin osatutako gala lirikoa antolatu du Arrasateko Ozenki Elkarteak Amaia antzokian. "Kontzertu formatuan izango da; ia bi ordu iraungo du. Normalean, ez dute elkarrekin abesten, baina errepertorio bat proposatu diegu, eta bakarlari eta duo formatuan abestuko dute", azaldu du elkarteko kide Manu Gallardok.
Udalaren Arrasate.eus atarian eta Amaia antzokiko leihatilan eros daitezke sarrerak, 18 eurotan; elkartera idatzita ere –ozenkielkartea@hotmail.com– sarrerak gordetzea eska daiteke.
Emanaldia, bi zatitan banatuta
Publikoak gozatzea dutela helburu nagusi azaldu du Gallardok, eta horretarako kantu ezagunekin osatu dutela kontzertuaren kantu-zerrenda: "Guztiak ez badira, ia guztiak, ezagutuko dituzue gehienok, eta askok kantatu ere egingo duzue, seguru".
Errezitaldi lirikoa bi zatitan banatu dutela gaineratu du: "Lehenengoan, operari eta napolitanei, hau da, Italiako kantu herrikoiei, egin diegu lekua, bereziki; eta atal horretan abestuko dituzte, besteak beste –batzuetan bakarka eta beste batzuetan binaka–, La Bohéme, La Traviata, Turandot eta Carmen operetako aria garrantzitsuenak. Bigarren zatian, zarzuela izango da protagonista. Ikaragarri gustatzen zaigu zarzuela eta eskualdean, orokorrean, zale asko daude, eta horregatik lekua egin gura izan diogu gala lirikoan. Atal horretarako ere kantu ezagunak aukeratu ditugu; horien artean, Soto del Parral, Luisa Fernanda eta La tabernera del puerto obretakoak".
"ERRAZ ENTZUTEKO KANTU EZAGUNEKIN OSATU DUGU GALAKO ERREPERTORIOA", MANU GALLARDO, OZENKI ELKARTEA
"Puntako abeslariak"
Horrelako ekitaldietan ohikoa den moduan, Amaia antzokian hiru ahots nagusiak – tenorea, baritonoa eta sopranoa– izatea gura zuten antolatzaileek, eta goi mailako abeslariei proposatu zieten: "Batzuk aurrez Amaian izandakoak dira eta beste batzuk gurera ekartzeko aspaldiko nahia genuen. Agenda konplikatuak dituzten arren, lortu dugu guztienak bateratzea; hortaz, oso eskertuta gaude eurekin".
Aurrera begirako asmoak
Gabonetako galaz gainera, beste ekitaldi batzuk ere antolatzen ari direla aurreratu du Gallardok: "Oraindik ez dago guztiz lotuta, baina gure asmoa da Cavallería Rusticana opera ekartzea Arrasatera otsail edo martxo inguruan. Era berean, Debagoieneko beste elkarte batzuekin elkarlanean ari gara; besteak beste, Bergarako Musika Eskolarekin, ea sortzen ari diren azken musikala ere gurera ekartzea lortzen dugun".