'Black friday' egunaz, jarrera kontrajarriak dendarien artean

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 28a, 12:37

Emakume bat 'black friday' egingo duen eta egingo ez duen bi arropa denden artean.

Ibai-arte black friday-aren aurka posizionatu da –nahiz eta beste urte batzuetan defendatu duen– eta fair saturday eguna egingo du zapatuan. Hala ere, elkarteko 23 denda black friday-a egitearen alde daude, eta dendarien elkarteak komertzio bakoitzaren autonomia errespetatzea erabaki du

Aste honetan Ibai-artek igorritako bi oharrek nahasmen pixka bat sortu dute. Lehenik eta behin, fair saturday ekimenarekin bat egiten zutela jakinarazi zuten ohar bidez, besteak beste, black friday-aren "kontsumismoaren" eta "jasangarritasunik ezaren" aurrean bestelako merkataritza bat proposatzen duen ekimena defendatuta. Baina handik bi egunera, Ibai-arteren Ostiral Baltza kanpainaren berri eman zuten beste ohar batean, herriko 23 komertziok egingo duten black friday egunaren berri emateko. Kanpotik ikusita kontraesankorra izan zitekeenez Ibai-arterekin harremanetan jarri zen GOIENA.

"Ibai-arte, erakunde bezala, ez dago black friday-aren alde, baina bertako partaideen autonomia errespetatzen du. Hala, ostiral baltza kanpaina egin nahi zuten denden berri eman genuen, eta denek irudi antzerakoarekin egitea adostu genuen: Ibai-arteren irudiarekin, dendetako ateetan globo beltzak jarrita..." azaldu du Jon Apraiz presidenteak.   

Aldeko eta kontrako iritziak

Olarte kalean, badaude elkarren alboan dauden bi arropa denda, aldeko eta kontrako iritziak dituztenak. Mabel dendak black friday-aren alde egin du eta hauek dira euren argudioak: "Salmentak areagotzeko beharragatik egingo dugu, dakizun bezala Arrasateko komertzioen egoera delikatua delako gaur egun. Black  friday-a globala da eta herrietara heldu da, beraz, gure bezeroek egingo ote dugun galdetzen digute aldez aurretik. Orokorrean, herritarrak ez daude kontzientziatuta herrian erostearekin, eta deskontuak dira gurera erakartzeko dugun tresnetako bat. Duela urte pare bat hasi ginen, eta orduan egun bakarrean egiten genuen denok; orain malgutasun gehiago dugu norberak hobeto datorkionean egiteko".

Alboan dagoen Markiegi dendakoek, aldiz, ez dute egingo. "Arrasaten duela urte batzuk egiten da, nahiz eta guk ez dugun inoiz parte hartu. Baina hasieran probatu zuten denda askok, jada ez dute egiten. Enpresa handiek euren zilborrentzako egindako estrategia bat da, eta komertzio txikiak are gehiago txikitzen ditu. Eurek astez-aste planifikatzen dituzte salmentak, eta guk ordea, denboraldika. Kasu honetan, txikientzat urteko garrantzitsuena den Gabonetako kanpaina hasi aurretik egiten dute deskontu kanpaina hau, guri nabarmen kaltetuz. Horrez gain, bezeroak engainatzen dituen zerbait da, asko edaten baitu publizitate engainagarritik. Komertzio txikiek halako ekimenak besarkatzea, norbere teilatura harriak botatzea dela iruditzen zait. Orain black friday, gero cibermonday... ingelesezko izen ponposoak dituzten halako ekimen gehiago helduko dira, baina guk ez ditugu gure bezeroak halakoekin engainatuko ".

'Fair saturday' eguna, zapatuan

Lore Gazteak eta Txikitxu Arrostaitz taldeek ekimenarekin bat egin dute, eta 12:30etik 14:00ak arte dantzak egingo dituzte Biterin, Seber Altuben eta plazan. Batutako dirua Mondravember taldeari emango diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak