Langileek enpresatan duten partaidetzaren gaineko azterketa aurkeztu du Mondragon Unibertsitateak

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 25a, 16:54

Pertsonek enpresetan duten parte-hartzearen egoeraren gaineko behatokia aurkeztu du Mondragon Unibertsitateak gaur. Gipuzkoa izan dute azterketarako lurralde, eta 333 enpresetako 1.741 laguneko lagina erabili dute. Txostenak Gipuzkoako eta Europako egoerak ere alderatu ditu, eta agerian utzi "enpresan parte-hartzeak dakartzan onurak".

Langileek enpresetan parte hartzearen gaineko behatokia aurkeztu dute gaur, azaroak 25, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Mondragon Unibertsitateak. Era berean, Gipuzkoan langileek duten partaidetza horri buruzko ondorioak eta Europako gainerako lurraldeekiko konparazioa jasotzen dituen liburu bat ere aurkeztu dute.

Ekitaldia Hernaniko Orona Ideo campusean egin dute, eta han izan dira Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano; Mondragon Unibertsitateko errektorea, Vicente Atxa; proiektua aurrera eraman duen ikertzaile-taldeko kideak; eta ikerketan parte hartu duten hiru enpresetako ordezkariak (GSR S. Coop., Talleres Altube SL eta Soraluce S. Coop. enpresetakoak).

1.741 langileko lagina

Liburuan jaso dituzte, batetik, behatokiak emandako ondorio nagusiak, eta, bestetik, langileen partaidetza sustatzeko formulak ezarri nahi dituzten herri-administrazio eta enpresa-erakundeentzako argudioak eta adibide praktikoak. Ikerketa egiteko 333 enpresatako 1.741 langileko lagina hartu da aintzat. Hauek izan dira enpresen sektoreak: automozioa (430 langile), makina-erreminta (331 langile), zerbitzu aurreratuak (298 langile), osagaiak (233 langile), sormen-industriak (238 langile) eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (211 langile).

Bai langileek enpresetan duten partaidetzari buruzko behatokia, bai ondorioen liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan, egin ditu Mondragon Unibertsitateko ikertzaile-talde horrek. Partaidetza horrek langileen ongizatean, lurralde-garapenean eta enpresen emaitza ekonomikoetan dituen ondorioak aztertzea izan da ikerketaren helburua. Hala, azterketak argi utzi du "langileek enpresatan parte hartzeak eragin onuragarria duela pertsonen ongizatean eta enpresen emaitza ekonomikoetan".

Gakoak: lidergoaren estiloa eta enpresaren kultura

Langileen partaidetza sustatzeko bide asko daudela ondorioztatu dute ikerketa egin dutenek, baina hiru mailatan bultzatu behar dela diote: gestioan, emaitzetan eta kapitalean. Eta azaldu dutenez partaidetzaren bidean aurrera egiteko gakoa ez da enpresaren tamaina edo egitura, ezta izaera juridikoa ere, baizik eta lidergoaren estiloa eta enpresaren kultura: "Eta horrek honako emaitza hauek ekarri behar ditu: enpresaren lehiakortasuna hobetzea, enplegua sortzea, enplegua egonkorragoa izatea, enpresak iraupen luzeagoa izatea eta enpresa lurraldean sustraituagoa egotea".

Jasotakoak

"Partaidetza sustatzeko aurrerapauso gehien ematen ari den lurraldeetako bat da Gipuzkoa", jaso dute ikerketan eta ondorio nagusia zera izan da: "Enpresan parte hartzea onuragarria da langilearentzat, enpresarentzat eta lurraldearentzat". 

Europako beste herrialde batzuekin ere alderatu dute lurraldea, eta adierazi dute Gipuzkoa lehen postuan dagoela Europako herrialdeen artean langileek enpresen jabetzan parte hartzeari dagokionez: "Aztertutako sektore guztiek emandako emaitzak Europako batez bestekoaren oso gainetik daude kapitalean parte hartzearen aldetik".

Partaidetzak pertsonen ongizatean eta erakundeen jasangarritasun ekonomikoan dituen ondorioak ere jaso dituzte: "Zentzu horretan, zenbat eta gehiago
parte hartu enpresan, orduan eta handiagoa da pertsonen ongizatea eta enpresen errentagarritasuna". Hain zuzen ere gestioan parte hartzea dela pertsonen ongizatearekin loturarik estuena duena aipatu dute.

Langileek parte hartzen duten enpresek lurraldearen garapenari egiten dioten ekarpena ere aztertu dute. Eta txostenaren arabera, kooperatibek dinamismo handiagoa dute beren ingurunera egokitzeko, eta ekarpen handiagoa egiten dute haren garapenerako, erresilientzia handiagoa baitute jarduerari eta enpleguari dagokienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak