Pottogorriak: "Eraso matxisten aurrean ezer ez egiteak konplize bilakatzen zaitu"

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 25a, 13:32

Pottogorriak taldearen agerraldia 2017ko San Juan jaien hasiera ekitaldian.

Arrasateko talde feministak oharra kaleratu du gaur, azaroaren 25eko aldarrikapenak garbi uzteko eta baita egun honen jatorriaren harira Ramon Ugaldek argitaratutako iritzi artikuluari erantzuteko. Pottogorriaken arabera, testu horretako galderak "zentzugabeak" dira, "lekuz kanpo daude" eta "gertaeren irakurketa subjektibo eta katramilatsu bat" egiten dute.

Hona hemen Pottogorriak talde feministak igorritako oharra, bere osotasunean:

"1981. urtetik ona 38 urte pasatu dira eta oraindik ere, badirudi ez dugula egun honen bueltan egiten diren aldarrikapenak eta salaketak zeintzuk diren ondo ulertzen.

Zergatik susmo hau? Bada, azaroaren 20an Mondraberrin eta 3 egun beranduago Goienan, egun honen bueltan eginiko “analisi historiko eta dokumentatu bat” irakurri ahal izan genuen iritzi formatuan. Bertan aipatzen zen egun hori, funtsean, bikote harremanetan emakumeek jasaten duten bortizkeria salatzeko onartu zuela Nazio Batuen Erakundeak. Baina, kokatu
gaitezen.

1981eko uztaila, Bogota. Latinoamerika eta Karibeko lehen topaketa feministak. 200 emakume feminista baino gehiagok bat egiten dute elkar ezagutzeko, ideiak elkar trukatzeko, ordura arte eginiko praktika feministak identifikatu, ebaluatu eta etorkizunera begirako erronkak zeintzuk diren zehazteko. Topaketa horretan, etxeko tratu txarrak eta erailketak, bortxaketak eta sexu- jazarpena salatzen dute, eta era berean, gizarteko eremu guztietako genero-indarkeria. Oro har, emakumeenganako indarkeria. Hala, jardunaldiko azken egunean azaroak 25 emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egun bezala aurkeztea erabakitzen da Minerva, Patria eta María Teresa Mirabal ahizpen omenez (Rafael Trujilloren diktaduran, 1960ko azaroaren 25ean erailak). Beranduago, 1999ko abenduan, NBEko biltzar nagusiak, Dominikar Errepublikak proposatuta eta beste hirurogei herrialdek babestuta, nazioarteko egun bezala onartzen da.

Beraz, gaur egun salatzen jarraitzen dugun gauza berbera da topaketa horietan aldarrikatu nahi zena: emakumeok indarkeria matxista pairatzen dugula. Erasoak, bortxaketak eta hilketak egiten direla; eta ez soilik fisikoak eta bikote harremanetan. Matxismoa sisteman erreproduzitzen dela, komunikabideetan, Estatuan, lan merkatuan, familian edota hezkuntza sisteman. Eta horrek ere hiltzen gaituela! Aurten, Euskal Herrian 4 emakume erail dituztela eta munduko emakumeen %70ak bizitzan indarkeria matxista pairatu dugula! Aski dela!

Honegatik guztiagatik, oso nabarmen ikusten da iritzi artikulu horretan aipatzen diren hainbat galdera zentzugabeko bihurtzen direla, lekuz kanpo daudela eta gertaeren irakurketa subjektibo eta katramilatsu bat egiten dela. Eta agian, zergatik ez, iritzi artikulu hau bera ere eraso bat izan daitekeela “Azaroak 25”a baliogabetzen saiatzen delako. Gainera, zeharka, garai hartako Dominikar Errepublikako mugimendu feminista asmo ilun batekin seinalatzen saiatzen da eta azkenik, Mirabal ahizpak feministak ez zirela ere esaten du (feminismoa egiteko modu asko daudenean). Nor da pertsona hau halako afirmazioak egiteko?

Azaroaren 25eko manifestazioan ozenago esango dugu baina argiago ez: emakumeon kontrako indarkeriak ez dauka mugarik, bizi garen sistema kapitalista heteropatriarkalaren tresna baita. Libre izateko daukagun armarik zorrotzena emakumeon artean elkar babesteko sareak sortzea da. Eta momentu ona da, zuek, gizonak errealitate honetaz jabetzeko eta ardura hartzeko. Eraso matxisten aurrean ezer ez egitea konplize bilakatzen zaituelako.

Gaur 19:30ean ikusiko dugu elkar.

Gora borroka feminista!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak