Alderdi politiko guztiak ados, "Arrasate indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko"

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 25a, 11:08

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, eta Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du, sei konpromisorekin. Horien artean daude bi urteko epean indarkeria matxistaren aurkako protokoloa onartzea eta herriko puntu ilunak ezabatzeko plana berraztertzea, Emakume Txokoa lekuz aldatzea barne duena. 

Hona hemen, Udaletik igorritako adierazpen instituzionala, bere osotasunean:

"Azaroaren 25a, emakumeen kontra burutzen den indarkeria mota oro, guztiz onartezina dela esateko eguna da; indarkeria sortzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna; eta gure herrian ez dugula ez bakerik ez normalizaziorik izango emakume izate hutsagatik emakumeak hiltzen eta erasotzen jarraitzen den bitartean. Horregatik, egun horri begira, erakunde publikook, borroka horretan dugun ardura berretsiz, konpromiso zehatzak hartu behar ditugu.
Bide horretan, Arrasateko Udalean ordezkatuta gauden alderdi politikook, azaroaren 25a “Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” dela-eta, gure gain hartzen dugu Arrasate indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura. Eta lehentasunezko konpromiso politikoa berresten dugu indarkeria mota horren adierazpen guztien kontrako borrokan, egiturazko jatorriaren eta betikotzen duen normalizazioan eraginez, orden sozial patriarkala ezinbestez aldatzeko, eta emakumeak libre biziko diren justizian eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza zein emakumeen eta gizonen arteko harreman ereduak errealitate bihurtzeko. Euskal Herrian, estatistikak aspalditik ari dira agerian uzten indarkeria matxistak gora egiten jarraitzen duela: urtea hasi denetik 3 emakume erail dituzte. Mayie Nervi Urruñan, Chantal Monte Bardozen eta Alicia Zubiri Iruñean. Hala ere, ezin dugu ahaztu indarkeria honen adierazpen gehienek, egunero gertatzen direnak, normalizatuak eta inbisibilizatuak jarraitzen dutela, orden sozial, kultural, ekonomiko eta sinboliko baten parte direlako. Bizitzaren arlo guztiak, publikoak nahiz pribatuak blaitzen dituen orden bat, eta, emakumeak genero mandatu patriarkalapean izateko asmoz, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak erabiltzen dituena.

Erailketa matxistek gero eta arreta mediatiko gehiago erakartzen duten heinean, (gehienetan emakumeak birbiktimizatzeko edo erantzukizuna emakumeengan uzteko errelatoekin), jendarteak irmoki gaitzesten ditu. Gure ardurak, ordea, haratago joan
behar du: indarkeria mota latz hauek legitimatzen eta errazten dituzten indarkeria matxistak, mezu eta adierazpen desberdinen bidez egindakoak guztiak, ikusarazi behar baititugu: jendartean onarpen zabala dutenak eta normalizatuak mantentzen
direnak, emakumeek egunero jasaten dituztenak, eta hala izan ez arren intentsitate baxu gisako identifikatzen direnak. Besteak beste, musika munduko hainbat letra zein jarrerak, filme zein bideojokoetako rolak edo hedabideek transmititzen duten indarkeria sinbolikoa; emakumeen bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko saiakerak, eremu guztietan femeninotzat jotzen denaren gutxiespenenaren bidez gauzatzen den indarkeria psikologikoa; edota soldata txarretan edo lan baldintza prekarioetan
antzeman dezakegun indarkeria ekonomikoa.

Aurten, mugimendu feministaren beste mugarri batean, milaka emakumek hartu dituzte Euskal Herriko kaleak, aski dela ozen esateko; milaka emakumek planto egin dute emakumerik gabe mundua gelditzen dela bisibilizatzeko; eta beste horrenbestek aldarrikatu dute sistema judiziala patriarkala dela eta emakumeak babestu beharrean ardura haien bizkar uzten ari dela esan dutenak, erasotzaileak justifikatuz. Feminismoak erakutsi digu errealitate bat aipatzeak ikusgai bihurtzen duela: indarkeria,
bere adiera guztietan, gizonen eta emakumeen arteko egiturazko ezberdintasunak mantentzeko tresna nagusietako bat den heinean, ikusezin bihurtu da eta alderdi pertsonalei garrantzi handiegia ematen zaie, eta ikusarazi nahi digute indarkeriazko
gertakariak arrazoi pertsonalen ondorio direla eta ez arrazoi sozialen ondorio. Ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da,
sustraira jo behar da, eta hori egitera, erakundeon ardura ere bada. Zeharkako esku hartze integralak eta iraunkorrak abian jarri behar ditugu: birbiktimizazioa baztertuta, emakumeak subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak; errudun bilakatuko ez dituen esku hartzeak eta, ahots propioa, eragile aktibo diren neurrian, aitortuko dizkieten esku hartzeak. Horretaz gain, bermatu behar ditugu genero ikuspegi ahalduntzailea barnebiltzen duen artatze sistema eta erreparazio
prozesuak, bai banakoak, bai kolektiboak. Giza eskubideaz ari garen heinean, instituzioen betebeharra da, alegia, mota guztietako indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubideaz.

Eta zeregin hori, gure egin behar dugun konpromiso hori, gizartea osatzen dugun eragile guztiok gure egin behar dugu, hala egiten ez badugu, indarkeria matxistari eusten jarraituko dugulako. Denon erantzukizuna delako bakoitzaren eragin-eremutik
aurre egitea, indarkeria matxista sortzen, biderkatzen edo normalizatzen duten heinean gure instituzio eta erakunde aldatzea: erakunde publikoak, kultur-eragileak, hedabideak, lan-arloko eragileak eta eragile ekonomikoak, ahaztu gabe banakakook
dugun ardura. Tokiko erakundeak, indarkeria matxista guztien kontra jarduteko eremu egokiak dira: erakundeak, eskolak, aisialdi edo kirol guneak, etab., betiere jendartea osatzen duten kolektibo eta arlo guztien artean burutu beharreko lana da, denok interpelatzen gaituen arazo soziala den heinean.

Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:

  1. Legealdi honetan eta bi urteko gehienezko epean, indarkeria matxistari erantzuteko
    protokoloa onartu eta aplikatzen hasteko konpromisoa hartzen dugu.
  2. Indarkeria matxistaren kontrako Plana bukatutzat eman eta onartuko dugu,
    horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomiko eta tekniko iraunkor guztiak
    aktibatuz eta, hobekuntza jarraitua helburu duten jarraipen eta ebaluazio sistemak
    zehaztuz.
  3. Herrian dauden puntu ilunak ezabatzeko plana berrikusiko dugu, lehentasun osoa
    emanez Emakume Txokoaren kokapen arriskutsuari erantzun bat emateari.
  4. Horretaz guztiaz aparte, tinko segituko dugu:
    • Herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak errazten.
    • Arlo juridikoan, ekonomikoan, laboralean, etxebizitzakoan, psikologiak, eta abarrean, indarkeria matxista jasaten duten guztien (emakumeak eta seme-alabak eta mendekotasun egoeran dauden senitartekoak) akonpainamendu, artapen eta erreparazio integral eta ahalduntzailea bultzatzen.
    • Emakume gazte zein helduei zuzendutako jabekuntza jarduerak modu iraunkor eta jarraituan eskaintzen.
    • Nerabeei eta gazteei zuzendutako formakuntza eta hezkuntza espazioak eta prozesuak ahalbidetzen, hezkuntza sexu-afektiboa eta emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, etab.
    • Mutil eta gizonei zuzendutako lanketa berezituak abiatzeko konpromisoa ere hartzen dugu, afektibitatea, harreman ereduak, maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak, eta parekidetasuna lantzeko besteren artean; eta horretarako programa zehatzak aktibatzeko konpromisoa ere hartzen du.
  5. Borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berresten dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
  6. Bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak