Hiru hamarkada luze aikidoaren onurak lantzen

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 22a, 12:53
Aikido taldekoak, duela hamar urte Mojategin egindako erakustaldi baten. (Argazkia: Aikido taldea)

Indar handirik gabe aurkari indartsuagoak mendean hartzea ahalbidetzen duen arte martziala da aikidoa. Kung-fu irakasle zenean ezagutu zuen teknika Jose Matasek, eta 30 urte daramatza horren onurak irakasten; zapatuan, urteurrena ospatuko dute.

Duela 30 urte baino gehiago aikidoarekin txundituta geratu zen Jose Matas. "Garai hartan, kung-fu irakasle nintzen, eta Donostian egindako nazioarteko jardunaldi batzuetara joan nintzen. Fisikoki oso ondo prestatuta egotea eskatzen du kungfuak, eta momentu hartan oso oso indartsu nengoen. Hala, jardunaldien barruan, ni baino zaharragoa eta ahulagoa zen aurkari batekin lehiatzeko aukera izan nuen, eta bizitza osorako lezio bat eman zidan. Munduko indar guztiarekin erasotzera joan nintzen, eta apenas indarrik erabili gabe lurrera bota ninduen. Esan nion nire buruari: zer demontre egin du tipo horrek ni hala menderatzeko? Ba, erantzuna aikidoa zen".

Yasunary Kitaura zuen izena japoniar jatorriko borrokalari hark, eta harekin harremanetan aritu zen Matas, diziplina horretako irakasle izan ahal izateko. "Hark emandako kurtsoetara joan nintzen, Madrilera, Zaragozara, Frantziara... lau eguneko kurtsoak ziren, egunero bost ordu saioak... Hainbat kurtso egin ostean, inguruko japoniar elkarteek erabaki zuten banuela maila nahikoa irakasle jarduteko".

Buru azkarra, indarraren ordez

Behin irakasle izateko bermeak jasota, 1989an Musakolako kiroldegian hasi ziren Matas eta konpainia aikidoa jorratzen. Esaera zaharrak honela dio: Anitz balio du indarrak, gehiago buru azkarrak. Eta aikidoa horren erakusle garbia dela dio Matasek. "Kung-fuan fisikoki hobeto dagoenak lortzen du irabaztea, orokorrean, baina aikidoak ez du horren beharrik. Funtsean, bi oinarrizko zeregin ditu aikidoak: kolpeak xurgatzea eta aurkaria desorekatzea. Hori lortzeko tekniketan sakontzen duen arte martziala da".

Aikidoa, emakumeak babesteko

Emakumeen aurkako biolentzia kasuek eraginda, ABAE elkartea –aikidoa barne dago– doako autodefentsa feminista ikastaroak antolatzen hasi zen, emakumeak defentsa gaietan ahalduntzeko. "Aikidoa oso eraginkorra da emakumeen defentsarako, batez ere, orokorrean erasotzaileek eurek baino indar handiagoa edukitzen dutelako. Bi urte daramatzagu hilero doako tailerrak eskaintzen, eta beharrezkoak dira, errealitate oso latzak dituzten emakumeak daude eta".

Zapatuan ospakizuna

30. urteurrena ospatzeko, zapatu goizean lan-saio jendetsua egingo dute, eta ostean, poteotxoa, bazkaria eta hitzaldi bat ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak