Mondravember ekimenaren barruan, gizonezkoen minbiziaren inguruko hitzaldia antolatu dute. Aurreko urtean azaroan antolatutako ekintza desberdinekin jasotako dirua Arkaitz Carracedok zuzendutako laborategira bideratu zuten eta aurten ere horrela egingo dute. Izan ere, hark zuzentzen duen 25 pertsonako lantaldeak prostata minbizia ikertzen du.
Biologia ikasi zenuen; nolakoa izan da zure bilakaera profesionala?
Biologia ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta espezializazioa biomedikuntzan egin nuen, Madrilen. Nire asmoa ez zen tesia egitea edo ikerkuntzara bideratzea, baina horretara motibatu ninduen irakasle batekin egin nuen topo. Bere laborategira joateko eta bertako lana ezagutzeko animatu ninduen. Bere jarrerak eta laborategian lantzen zituzten gaiak ezagututa, tesia egitea erabaki nuen. Eusko Jaurlaritzan beka bat eskatu, eta Madrilen egon nintzen lau urtez. Hurrengo pausoa Ameriketako Estatu Batuetara joatea izan zen, eta bertan, minbiziaren inguruan ikertzen egon nintzen. Lerro hori hartuta, Bilbora, CIC Biogunera, bueltatzeko aukera izan nuen. Bertan IkerBasque titulua eskuratu, eta horrekin ikerkuntza egiteko plaza bat daukat.
Nondik lortzen dituzue dirulaguntzak?
Laborategiburu guztiok Estatuko proiektu bat izan behar dugu, ezinbestekoa da diruagatik eta prestigioagatik. Ezberdintzen gaituena Europa arloko dirua da. Europako Batzordeak ERC proiektuak ditu; Europa arloan proiekturik garrantzitsuenak dira. Orain dela sei urte, laborategia hasten dutenentzako proiektua lortu nuen, 1,5 milioi 5 urterako, eta iaz beste bat lortu nuen. Minbiziaren aurkako elkarteak ere finantzatzen du ikerketa, eta hor beste proiektu kolaboratibo bat daukagu. Leku eta mota ezberdinetatik lortzen ditugu dirulaguntzak. Baina egia da azkenaldian murrizketak egon direla.
"MINBIZIA BIZITZAREN PARTE DA ETA GIZARTEAK HORI ONARTZEA EZINBESTEKOA DA"
Gizartea kontzientea da ikerkuntzak duen garrantziaz?
Oso garrantzitsua da gizarteari jakinaraztea eta jendeari azaltzea zer egiten dugun, zergatik den garrantzitsua ikerkuntza. Ikertzaileok isolatuta gaudela pentsatzen du jendeak, gauza konplikatu eta ulertu ezin direnekin lanean, baina hori ez da horrela. Nire laborategian, etengabean minbizia zer den azaltzen saiatzen gara, eta dauden aurrerapenak testuinguruan jartzen. Maila ezberdinetan egiten ditugu hitzaldiak: ikastoletan, gaixo eta familiar taldeekin, kolektibo ezberdinekin...
Nolako aurrerapenak egon dira orain arte?
Duela 40 urte, minbizia zuten lau pertsonatatik hiru hiltzen ziren. Gaur egun, lau horietatik bi bizi dira eta helburua da hemendik hamar urtera lau pertsonatatik hiruk bizirautea. Gainera, gaur egun sartzen diren berrikuntzak gero eta azkarrago mugitzen dira, eta hori ere eskertzekoa da. Gero eta azkarrago dakigu tratamenduek funtzionatzen duten ala ez. Gure teknologia merkeagoa da; hortaz, errazagoa da minbizi bati molekularki NA zenbakia ateratzea, eta hau oso garrantzitsua da tratamendu pertsonalizatuak egiteko. Gainera, teknologia indartsuagoa daukagu, laborategian ordenagailuekin egiten dugu lan inteligentzia artifiziala erabiliz. Beraz, etorkizuna itxaropentsua da.
Azaroaren 27an hitzaldia egingo duzu Arrasaten.
Amaia Zabala lankidearekin batera –Arrasateko ikerlaria– egingo dut hitzaldia. Minbizia zer den azalduko dugu, nola sortzen den, zeintzuk diren oinarriak eta gaur egun ezagutzen ditugun kontzeptuak azalduko ditugu. Hitzaldi interaktiboa izango da eta parte hartzea sustatzen saiatuko gara.