Gipuzkoako bertsolariak, finalerako txartelen bila

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko aza. 15a, 15:28
Oñatiko Santa Ana antzokian abiatu zuten txapelketa. (Irudia: Gipuzkoako Bertsolaritza Elkartea)

Eñaut Martikorena, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Unai Mendizabal, Iñaki Apalategi eta Unai Gaztelumendi izango dira lehian, domekan, Uarkape pilotalekuan; pozik daude antolatzaileak bertsolariek emandako mailarekin eta publikoaren harrerarekin.

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bidearen erdia egin du dagoeneko, eta domekan abiatuko dituzte finalaurreko saioak Arrasateko Uarkape pilotalekuan, 17:00etan. Arrasateko saiorako eta dato-zen asteetan Oiartzunen eta Tolosan jokatuko direnetarako eta abenduaren 14an Donostiako Illunben izango den finalerako sarrerak eskuragarri daude Bertsozale.eus atarian, eta domekan, Uarkapeko leihatilan.

Txapelketa "emankorra"

Antolatzaile taldekoek sentsazio onak dituzte txapelketak orain arte eman duenarekin; honela dio Iker Iriartek: "Final-zortzirenak eta final-laurdenak primeran joan dira; bertsolariek emandako mailak esperotako espektatibak gainditu ditu, entzuleek ere ondo erantzun dute, eta tokian tokiko bertso eskolen, kultura taldeen eta udalen inplikazioa handia izan da; eskerrona besterik ez dugu, beraz. Orain, finalaurrekoei eta finalari ilusioz heltzeko gaude". Bertsolariak lehenengo saiotik ari dira serio lanean, nahiz eta azken txanpan oraindik ere hortzak gehiago estutu. "Finala gerturatu ahala inbutua estutzen joaten da, galbahea gero eta estuagoa da; horrek esan gura du finalaurrekoak jokatu dituzten hamazortzi bertsolarietatik edonork lor dezakeela finalerako txartel preziatua".

Eskarmentudunak eta gazteak

Enaut Martikorena, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Unai Mendizabal, Iñaki Apalategi eta Unai Gaztelumendi lehiatuko dira finalerako lehen txartela eskuratzeko. Iriarteren esanetan, koktel polita da: "Itxura ona dauka Arrasateko saioak: batetik, Iñaki Apalategi eta Agin Laburu daude, orain dela lau urteko txapelketako finalean kantatu zuten eskarmentudun bi bertsolari; bestetik, Nerea Elustondo legazpiarra ere badago, esango nuke kantatu duen txapelketa guztietan finalaurrekoetara iritsi dela; eta, oholtza gaineko seikotea borobiltzeko, finalaurrekoetara lehenengo aldiz heldu diren beste hiru lagun. Nahasketa polita, beraz. Beste bi finalaurrekoetara begira ere irakurketa antzerakoa egin dezakegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak