Miren Apraiz: "Ez nuen gura Behobiak denboraldia mugatzerik"

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 8a, 18:00

Miren Apraizek (Arrasate, 1984) saskibaloia atletismoarekin ordezkatu zuen duela urtebete, eta errepideko bizikleta gainean ere geroago eta gusturago dabil. Lizarrako eta Vianako duatloiak irabazi ditu eta datorren urtean Saltokiko maillota defendatuko du Mikel Mujika mutil lagunarekin batera. Domekan, BehobiaDonostian, irteera puntuan egongo dira.

Azkenaldian, aurrean zabiltza herriko lasterketetan. Zein izan da honaino iristeko egin duzun bidea?

Gazte-gaztetatik saskibaloian jokatu izan dut. Lehenengo Eskoriatzan eta ondoren Gasteizko Txapeldunak taldean. Azken urteotan, baina, saskibaloia eta atletismoa tartekatu izan ditut, eta iaz saskibaloia uztea erabaki nuen, aukeratu beharra zegoen.

Eta hor hasi zinen emaitza onak batzen?

Hori da, bai, serioago heldu nion atletismoari. Korrika beste barik egin beharrean txukun entrenatzen hasi nintzen eta segituan iritsi ziren emaitzak. Herri mailako lasterketetan podiumera igotzen hasi nintzen: Antxintxika krosa, Oñati-Arrasate lasterketa, Santamas krosa... Gainera, Oñatiko 10 kilometroko proban antolatzaileek lasterketan parte hartzera gonbidatu ninduten, eta, modu batean edo bestean, niretako errekonozimendu moduko bat izan zen. Azken batean, Euskal Herriko korrikalari onenen artean lasterketa batean esku hartzeko aukera izan nuen, eta oso gustura geratu nintzen emaitzarekin –bosgarren izan zen–.

Nahiz eta hasieran zalantzak izan zenituen, ala?

Bai, halaxe da. Antolatzaileen partetik proposamena jaso nuenean pentsatu egin behar nuela erantzun nien. Batetik, erakargarria zen, baina bestetik, ardura apur bat ere ematen zidan, maila oso oneko korrikalariekin elkartuko nintzelako. Hala, gertukoek konbentzitu ninduten. Lasterketa horretan gutxienekoa zela azken postuan geratzea, aukeratuen artean egote hutsa saria zela, eta halaxe zen. Ondoren, bosgarren sailkatu izanak poztasuna eman zidan. Egia da, baita ere, denboraldi amaieran nengoela eta ordurako atseden hartzea behar nuela.

Korrika bai, baina iaz errepideko bizikletarekin ere hasi zinen.

Bai; betidanik gustatu izan zait mendiko bizikletan ibiltzea, eta banuen errepidekoa probatzeko gogoa. Gustura nabil, eta beti korrika ibili beharrean, egin ditudan duatloietan gozatu egin dut. Aurtengo denboraldian, hor jarriko dut indarra, duatloietan.

Zein izan da orain arte egin duzun lasterketarik bereziena?

Azpeitia-Azkoitia lasterketa, seguruenik. Batetik, oso maila oneko atleten artean bosgarren sailkatzea lortu nuelako eta, bestetik, Mikel, bikote-laguna, ezagutu nuelako; kar, kar, kar.

Domekan Behobia-Donostia lasterketako irteera puntuan egongo zarete biok.

Iaz baino marka hobea egin gura dut [1.27], baina oraindik denboraldiaurrean nago, berandu samar hasi naiz, lasai, otsailean egon gura dudalako ondo, duatloietara begira. Behobia-Donostian ondo egoteko duatloi denboraldia baldintzatu behar nuen, eta ez nuen halakorik gura. Baina, hala ere, iazko marka ontzea espero dut.

Ez duzue urte makala Mikelek eta biok aurretik.

Ez, urte betea izango dugu. Mikel Hawaiiko ironmanerako sailkatuta dago, eta nik Euskal Herriko duatloi zirkuitua egitea dut buruan. Hau, azken batean, bizitza estilo bat da, eta biondako da lagungarri bikotea ere saltsa honetan sartuta egotea: Ordu asko eskaintzen dizkiogu kirol jarduerari, elkar ulertzen dugu, tarteka elkarrekin entrena gaitezke...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak