Brasilgo eta Kolonbiako lagunek Mundukiderekin abian dituzten proiektuen berri eman dute

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 5a, 08:18

Brasilgo, Kolonbiako eta Mundukideko ordezkariak.

Hogei urte ez dira nolanahi betetzen eta hori ospatuko du Mundukide Fundazioak eguenean, azaroaren 7an. Han eta hemen, hainbat proiektutan lagun dituenak gonbidatu ditu ospakizun horretara, Brasilgo MTS elkartekoak eta Kolonbiako zabor birziklatzaileen ordezkariak, esaterako. Horiek dagoeneko iritsi dira eta egiten dabiltzan lanaren berri eman dute.

Orain dela hamabi bat urte hasi zen Brasilgo Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra (MST) elkartearekin lanean Mundukide, eta hango ordezkariak oso eskertuta agertu ziren atzo egindako bileran. Hainbat lan ildo dituzte zabalik eta elkarrekin dihardutela horretan jakinarazi zuten: pertsonen garapenean, sortuta dauden kooperatibak indartzen langileen trebakuntzaren bitartez, produkzio lanak bideratzen eta produktuak merkaturatzen. Era berean, genero berdintasunaren aldeko lana azpimarratu gura izan zuten, emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna bermatze aldera egiten den lana hain zuzen ere.

Brasilgo egoera politikoarekin eta sozialarekin kezkatuta agertu ziren: "Biolentzia handiko egoera bizi dugu, mugimendu sozialen aurkako jarrera bortitza dago". Ildo horretatik, beste hainbat eginbehar ere badituela MSTk aipatu zuten, besteak beste, lurrak eskuratu, produkzio sistema garbiak garatu –organikoak, ekologikoak…–, suteak eragindako lurrak berreskuratu zuhaitzak landatuta eta kooperatibismoaren kultura zabaltzen jarraitu. 

Kolonbian birziklatzaileekin lanean

Kolonbiako Nariño probintzian ostera, zabor birziklatzaileekin elkartu da Mundukide. Bi urte daramatza haiekin lanean eta Coemprender elkarteko presidente den Celina Imbajoak eman zuen atzo, egiten duten lanaren berri. "38 urte daramatzagu birziklatzaile lanetan. Ni 12 urterekin hasi nintzen eta orduan "arrantzan egitera" gindoazela esaten genuen. Ordutik asko aldatu dira kontuak". 

Elkartea 1997an eratu zuten eta plan estrategiko batekin lanean hasi; ordutik hona, baina, hainbat kolpe jaso dituztela adierazi zuen, "azkena, oraintsu eta oso gogorra". Horregatik, 2017an laguntzeko gertu agertu izana Mundukide eskertu egin zuen: "Plan estrategikoa indartu dugu eta orain, zabor artean berreskuratutako lehengaiak industriara saltzen ditugu bitartekaririk gabe".

Era berean, birziklatzaileen lana lanbide duina dela aldarrikatu zuen: "Gehiengoa emakumeak gara, seme-alaben ardura duten amak, horiek aurrera ateratzeko soldata behar dutenak, eta duintasun handiarekin egiten dugu lan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak