Mattin Amundarain gogoan

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 4a, 16:38

AEDren sorreran elkartutakoak; Amundarain goiko ilaran, eskumatik hasita bigarrena.

Egubakoitzean hil zen Mattin Amundarain gogora ekarri gura izan du Patxi Goikolea euskaltzaleak, arrasto sakona utzi duelako Arrasate aldean. Hari eta haren emazte Bittori Etxeberriari eskainitako bertsoak ekarri ditu; erretiratu eta Tolosarako bidea hartu aurretik egindako agur afarian abestu zizkieten, 1996ko azaroan hain zuzen ere.

Arrasaten egindako lanaren eta ibilbidearen berri ematen dute Goikolearen bertsoek; hona hemen:

1

Bertso batzuk Mattin ta

Bittorirentzako,

ta ez alferrikako

alabatzarako,

zer diraden jakin nahi 

duanarentzako,

mixiolari fin bi 

euskararentzako

eta salbazioa

AEDrentzako.

2

Bizkarrean harturik

neke eta penak,

herriminez beterik

dauzkate barrenak; 

herria ta euskara

dira beren senak,

hauen izaeraren

barnean daudenak,

bion espiritua

osatzen dutenak.

3

Euskara dago bion

izaerarekin,

sehaskatik hasita

euskerarekin ekin,

ta bera gordetzeko

saiatu ahalegin,

euskaraz pentsatu ta

euskaraz hitz egin,

hargatik ez diote

sekula hutsegin.

4

Hogeita hamaika urte

paseak gurekin,

ogi lanbidez maisu

dituzunak egin, 

egur tailatzen ere

irakasle bikain,

zure ikasleak pozik

hain daude zurekin

hauen partetik ere

Zorionak, Mattin.

5

Hogeita hiru urte etorri

zinela Bittori,

Mattinen besoetan

azkenik erori;

Izarrako habian

geroztik bi txori;

euskara irakasten

non-nahi edonori,

ikasle denen partez

Zorionak, tori.

6

Bake aldetik nola

gabiltzan elbarri,

hau lortzeko bidea

nahi dezute jarri

elkarrizketan alde

maiz buru-belarri,

herri askatu baten

gose ta egarri,

hargatik hain gogoko

dezute Elkarri.

7

Maleta garraioan

zaudete hasita,

nonbait Tolosarekin

daukazue zita,

bidalita ez zoazte

baizik zuek nahita,

nora zoazte hemen gu

umezurtz utzita?

maiz eiguzue arren

lagunoi bisita.

----

Amezketatik Arrasatera

lanerako hurbilduak,

Bittori Mattin, hain bikote fin

herrigintzan murgilduak;

euskara arloan hainbat esparru

barren barrendik landuak,

AEKn lehen pausuak,

Gau Eskoletan sartuak

orduak eta orduak,

AED sortzeko mila bilera

maiz dohaineko karguak,

zuek eindako ahalegin hoiek

ez dira izango ahaztuak.

Erlazionatuak

Mattin Amundarain euskaltzalea hil da

Mirari Altube Arrese 2019 aza 01 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak