Mattin Amundarain euskaltzalea hil da

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 1a, 16:54

Mattin Amundarain, 2010ean Galtzaundiren Eskerrak Zuri Ohorezko Aipamena jaso zuenean. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Arrasaten urte asko egin zituen Mattin Amundarain amezketarra hil da 87 urterekin. Eskola Politeknikoko irakasle izandakoa, AEDren sortze lanetan parte hartu zuen eta Elkarriren lantaldeko kide izan zen. Hileta elizkizuna bihar, zapatua, izango da Amezketako San Bartolome parrokian (18:00).

Eskola Politeknikoan irakasle izan zen, eta gero, Diara enpresan ere egin zuen lan. Era berean, euskaltzale amorratua izanik, AEDren sorrera prozesuan hartu zuen parte. Geroago, Elkarri sortu zenean, Arrasateko lantaldera batu zen eta besteak beste, uztailean hil zen Joxe Ramon Elortzaren alboan jardun zuen lanean. Arrasateko Taillaginen Elkartearen sortzaileetako bat ere izan zen.

Erretiratu zenean Tolosara joan zen bizi izatera, eta han ere, euskararen bueltan lanean jarraitu zuen. Horregatik, Eskerrak Zuri Ohorezko Aipamena eman zion Galtzaundi Euskara Taldeak amezketarrari 2010ean, "euskararen alde han eta hemen egindako lan handia" eskertuz.

Gizon apala eta alaia, Leintz aldeko askok dituzte gogoan Mattin eta beti alboan zuen emazte Bittori Etxeberria. "Bikote benetan atsegina zen, irribarrea beti ahoan eta lanerako gogotsu; euskara eta Euskal Herria izugarri maite izan dituztenak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak