Ane Zuazubiskar, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketatik kanpo

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko aza. 3a, 10:48

Atzo, zapatua, Azkoitiako Baztartxo antzokian jokatu zuten saioko une bat. Argazkia: Gipuzkoako Bertsolarien Elkartea.

Azkoitiko Baztartxo antzokian jokatu zuten atzo, zapatua, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren bosgarren eta azken final-laurdena. 475 punturekin Beñat Gaztelumendi Arandiak lortu zuen azaroaren 24an Oiartzunen jokatuko den finalaurrekorako txartela. Arrasateko Ane Zuazubiskarrek ere atzoko saioan lehiatu zuen, eta "egindakoarekin gustura" dagoen arren, txapelketatik kanpo geratu da.

Gaztelumendirekin batera, Ane Labaka Mayozek (455 puntu), Maialen Akizu Bidegainek (443,54 puntu), Ander Lizarralde Jimenok (442,55 puntu), Mikel Artola Izagirrek (425 puntu) eta Arrasateko Ane Zuazubiskar Iñarrak (424 puntu) lehiatu zuten atzoko saioan.

Aurkezle lanetan Ion Zaldua aritu zen eta epaimahaiko kide lanetan, honakoak: Maite Sukia Olano, Zigor Leunda Eizmendi, Amaia Otxotorena Gamio, Oihana Aranguren Etxaniz eta Mikel Beloki Urkizu.

Arrasatekoa, gustura egindakoarekin

Saio polita izan zen atzokoa Ane Zuazubiskar bertsolariaren esanetan: "Txapelketak aurrera egin ahala orokorrean tentsioak gora egiten duen arren, atzoko saioa polita eta arina izan zen, giro onekoa; iruditu zitzaidan inor ez zela jausi nabarmen eta gauza interesgarriak kantatu genituela".

Arrasatekoarendako atzokoa izan zen aurtengo Gipuzkoako Txapelketako azken saioa, hala ere, gustura dela dio, orain arte egindakoarekin: "Final laurdenetara heltzea lorpen handia izan da niretako, hortaz, pozik nago. Atzoko saioarekin ere gustura nago, izan nuen jarrerarekin oso pozik, eta iruditu zitzaidan bertsoaldi denetan asmatu nuela esan behar nuenarekin. Kartzelakoa bitartean oso lasai egon nintzen, baina oso urduri jarri nintzen hor, eta poto egin eta gero, pixka bat joan zitzaidan; hala ere, oso pozik nago egindakoarekin. Arrasate eta inguruko herrietatik jende asko joan zen eta sumatu nuen berotasun hori. Lau urte barru izango da txapelketa berriz, eta bitartean bertsotan jarraituko dut. Aurrerantzean ere txapelketa jarraituko dut, eta ohi moduan aulkiak jartzen eta behar denean laguntzen ibiliko naiz".

Finalaurrekoak, osatuta

Atzoko Azkoitiko final-laurdena jokatuta, erabakita geratu da zeintzuk izango diren finalaurrekoetan kantatuko duten bertsolariak. Honako horiek:

  • Zuzenean sailkatuak
    • Eñaut Martikorena Lizaso
    • Agin Laburu Rezola
    • Jon Maia Soria
    • Oihana Iguaran Barandiaran
    • Beñat Gaztelumendi Arandia
  • Puntuazioz sailkatuak:
    • Iñigo Mantzizidor Larrañaga
    • Nerea Elustondo Plazaola
    • Alaia Martin Etxebeste
    • Jokin Uranga Isuskiza
    • Iban Urdangarin Lardizabal
    • Amaia Iturriotz Etxaniz
    • Unai Mendizabal Jauregi
    • Iñaki Apalategi Astigarraga
    • Asier Azpiroz Iztueta
    • Beñat Lizaso Alberdi
    • Haritz Mujika Lasa
    • Ane Labaka Mayoz
    • Unai Gaztelumendi Arandia

Hurrengo saioa, Arrasaten

Azaroaren 17an, Uarkapeko Pilotalekuan, 17:00etan jokatuko dute lehen finalaurrekoa eta han izango dira:

  • Eñaut Martikorena Lizaso
  • Agin Laburu Rezola
  • Nerea Elustondo Plazaola
  • Unai Mendizabal Jauregi
  • Iñaki Apalategi Astigarraga
  • Unai Gaztelumendi Arandia.

Bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke sarrerak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak