Lehenengoan besteko ilusioz dator zarzuela hogeigarren ekitaldian

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko urr. 30a, 18:00

2007an eskaini zuten 'El duo de la Africana'; irudian, Tere Gonzalez loreak jasotzen.

El duo de la Africana zarzuela eskainiko du Izaskun Murgia elkarte lirikoak azaroaren 23an, 24an, 29an eta 30ean, Amaia Antzokian. 20 urteko ibilbidea ospatuko dute modu horretan. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

20 urte beteko ditu Izaskun Murgia elkarte lirikoak zarzuelak egiten eta eskaintzen. 20 urte luze, "di-da" baten pasa zaizkienak. Urtemuga berezia ospatzeko, El dúo de la Africana zarzuela aukeratu du Izaskun Murgia elkarte lirikoko zuzendari Tere Gonzalezek: "Aukeratu dut jendeak barre asko egingo duelako. Oso obra dibertigarria da". Opera konpainia merke bateko istorioak jasotzen ditu zarzuelak: "Agertokian opera bat nola gauzatzen den azalduko da; agertoki bat egongo da agertokiaren barruan".

Zarzuela adierazgarria 

Manuel Fernandez Caballerok sortu zuen zarzuelako musika, 1893an, eta Miguel Etxegaraik liburua idatzi.

Manuel Fernandez Caballerok sortu zuen zarzuelako musika, 1893an, eta Miguel Etxegaraik liburua idatzi. Izaskun Murgia elkarteak orain dela 12 urte eskaini zuen lehenengoz El dúo de la Africana: "Esan behar da pertsonaia guztiak berriak izango direla". Hortaz, "lehenengoz egitea moduan" dela gaineratu du Gonzalezek. Susana Vazquezek Antonelli-ren papera egingo du, sopranoa izango dena; Mikel Irizar Querubini izango da, konpainiako nagusia; eta Lander Ojanguren Giuseppini izango da, tenorea. "Entseguak ondo doaz, baina beti nahi dugu hobeto egin. Nik diot beti hobetu behar dela zerbaitetan. El dúo de la Africana da zarzuela bat oso adierazgarria; jendea oso entregatuta egon behar da. Nahikoa da agertokian daudenetako bat jestu serioarekin egotea dena zapuzteko. Nahi dudana da jendea parte-hartzaileagoa izatea", esan du Gonzalezek. 

Abesbatzaren garrantzia 

Martxoan hasi ziren El dúo de la Africana zarzuela entseatzen; hala ere, Gonzalezek dio hurrengo urteko zarzuela zein izango den erabakita duela dagoeneko. Izaskun Murgia elkartearen berezitasunak kontuan hartzen dituela dio: "Badaude zarzuela batzuk oso politak, egin ditzakegunak, La del manojo de rosas, La dolorosa... baina horiek ez dute abesbatzarik. Nik ez ditut horiek egin nahi. Abesbatza bat izatea eta mantentzea asko kostatzen da. Nik erabakitzen badut aurten abesbatza barik egitea, nork ziurtatzen dit hurrengo urterako abesbatza izango dudala? Beharbada bai eta beharbada ez. Horretaz gain, abesbatza batek asko janzten du".

Ikusleak mantentzea gura dute 

"Nik animatu nahi dut jendea zarzuela ikustera etortzera. Jendeak uste du zarzuela baldarra dela, eta ez da horrela. Asko zaintzen ditugu detaileak", dio Gonzalezek.

Zarzuela ikustera joaten den jendearen batez besteko adina handia dela dio, eta, horregatik, azkeneko urteetan ikusle izan diren asko galdu dituztela dio Gonzalezek: "Nik animatu nahi dut jendea zarzuela ikustera etortzera. Jendeak uste du zarzuela baldarra dela, eta ez da horrela. Asko zaintzen ditugu detaileak". Herri baten horrelako zerbait egitea "jendeak miresten" duela gaineratu du, kontuan hartuta, gainera, ez dela konpainia profesional bat. "Oso duina da", dio Gonzalezek.

Lantalde handia 

Zarzuelaren atzean lantalde handia dago: Jabi Burgosek dekoratuen taldea gidatzen du; Kati Andresek jostunena; horrez gain daude ile-apaintzaileak, makillatzaileak, soinua... Elkarte lirikoan 50 bat kide dira eta, horiez gain, orkestrako musikariak daude.

 

Jabi Burgos: "Aurten proiekzioak erabiliko ditugu"

Zarzuelako dekoratuak egiten ditu Javi Burgosek. Aurten proiekzioak erabiliko dituztela dio.

Erabiliko dituzue orain dela 12 urteko dekoratuak? 
Ez, baina egingo dugu ordukoaren berdina. Orain daukagun lokalean ezin dugu altura handikorik egin; horregatik egokia da zarzuela hau, dekoratu minimalistak dituelako.

Proiekzioak ere erabiliko dituzue. 
Gero eta gehiago erabiltzen ditugu; oraingoan, 3. ekitaldian erabiliko ditugu.

Zenbat panel sortu dituzue? 
Aurten, gutxiago. Hiru ekitaldi ditu zarzuelak: lehenengoan, agertoki huts bat irudikatuko dugu; bigarrenean, agertokiaren atzeko aldea; eta, hirugarrenean, antzerki bat, proiekzio bitartez

Sarrerak zozketatuko ditu Goiena Klubak

Whatsappez –688 69 00 07– edo Goienara deituta –943 25 05 05– parte hartu ahal izango da, zarzuela hitza erabilita

El dúo de la Africana zarzuelarako sarrerak zozketatuko ditu Goiena Klubak. Azaroaren 15ean parte hartu beharko da azaroaren 23ko eta 24ko sarrerak lortzeko; saridunak azaroaren 22an argitaratuko dira. Azaroaren 22an parte hartu beharko da azaroaren 29ko eta 30eko sarrerak lortzeko; saridunen izenak azaroaren 29an argitaratuko dira. Whatsappez –688 69 00 07– edo Goienara deituta –943 25 05 05– parte hartu ahal izango da, zarzuela hitza erabilita.

Arrasateko dendarien elkarteak, Ibai-Artek, sarrera bikoitzak zozketatuko ditu urriaren 30etik aurrera erosketak herrian egiten dituzten bezeroen artean. Herrian erosketak egitera bultzatzeko ekimena izango da; eta, modu horretan, sarrerak doan eskuratzeko aukera egongo da.

Bestalde, zarzuelarako sarrerak dagoeneko salgai daude Ticket.kutxabank.es atarian, 19 euroren truke. Amaia antzokiko leihatilan ere eros daitezke, antzokia zabalik dagoen orduetan. Azaroaren 23ko, 24ko eta 30eko emanaldiak 19:30ean izango dira eta 29koa, 20:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak