"Antzezlan moduan iragarri dugu, baina ez dago garbi antzezlan bat den. Antzerki fisikoa deitzen diote batzuek. Gimnasio bateko aldagela batean gertatzen da istorioa. Bi gizonen arteko istorio bat da. Batzuek homosexualitate harreman bat ikusten dute; beste batzuek, ez. Antzezleek ez dute garbi esaten", azaldu du Karmelo Alberdik, Arrasateko Udaleko kultura teknikariak.
Gorputz lengoaian oinarritutako obra da, testurik gabea. Hala ere, umoreak indar handia hartzen du. "Probokazio bat da, gure buruari barre egiteko gonbita. Un poyo rojo akrobaziaren eta barregarritasunaren arteko nahasketa bat da", diote konpainiako kideek.
Orokorrean, mantendu egiten dute ikuskizun bera emanaldi guztietan. Hala ere, bukaerarako sorpresatxo bat uzten dute. Hori dela eta, domekan Amaia antzokira hurbiltzeko gonbita egin die Alberdik arrasatearrei. " Publikoa gustura geratuko da, seguru nago", gaineratu du.
Egonkortutako proiektua
2008an sortutako proiektua da hau, eta oraindik ere biran ari dira. "Arrakasta handia izan dute alde guztietan, Europan eta Amerikan bereziki, eta kritika oso ona jaso izan du. Donostian ikusten egon nintzen, eta asko disfrutatu nuen. Asteburu honetan Logroñon lotuta zuten emanaldi bat, eta aprobetxatu egin dugu Arrasatera ekartzeko", dio Alberdik.
Argentinarrak dira izatez, baina Parisen finkatuta daude, eta hortik mugitzen dira.