Goi mailako bi artista: errezitaldi musikatu bat

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 25a, 09:49

Fruitu arraroak emanaldia eskainiko dute Harkaitz Cano idazleak eta Maite Larburu musikariak Kulturateko areto nagusian gaur, egubakoitza, 19:30ean; poesia eta musika uztartuko dituen saio "jolastia" izango da, idazlearen esanetan; dohainik da.

Aspaldiko lagunak dira Maite Larburu eta Harkaitz Cano. "Gero, atzerrira joan zen bizitzera, baina ez dugu harremana galdu. Bere azken diskorako ere pare bat letra egin nizkion. Aspaldiko zor bat kitatzeko modu bat da proiektu hau", dio Canok.

Ameriketako Estatu Batuetan dauka jatorria emanaldi honek. "Billie Holiday abeslariak arrazakeriaren aurkako abesti bat egin zuen, Strange fruit izenekoa. Abesti hau, berez, ez zen berea. Abel Meeropol eskola irakasle judu batena da letra eta musika, baina berak gura zuen Billie Holiday izan zedila ereserki hori abestuko zuena, eta ez beste inor. Garai hartan, New Yorkeko klub batean kantatzen zuen Holidayk, eta Abel Meeropol astero joaten zen hura ikustera, baina inoiz ez zen ausartzen proposamena egitera. Halako batean, ausartu egin zen eta partitura eman zion. Badirudi Holidayk hasieran ez ziola harrera beroa egin, edo ez zuela ondo ulertu fruitu arraro horiek zer ziren. Hain zuzen, garai hartan hegoaldean zintzilikatzen zituzten afroamerikarrak ziren. Letra hunkigarria eta gogorra da. Hasieran ondo ez ulertu arren, gerora kantua bere egin zuen, eta kontzertu guztiak kantu horrekin amaitzen zituen".

Baztertutakoak berreskuratuz

Hori aintzat hartuta, "fruitu arraro" gehiagoren bila hasi ziren. "Gure beste proiektuetan sartu ez ditugun eta esperimental samarrak diren kontuak lotzen joan ginen, eta berreskuratu egin ditugu. Hain zuzen ere, arraroak diren fruitu horiek jasotzeko ariketa bat egin dugu".

Emanaldi jolastia

Piezarik gehienetan bien arteko lotura bat egon dadin saiatu direla dio idazleak. "Badaude pieza batzuk non Maite nire mundura erakarri dudan eta testuren bat irakurrarazten diodan. Erdi bana ere irakurtzen dugu testu bat. Orotariko poemak ditugu, ez nireak bakarrik. Maitek bere kantu pare bat abesten ditu, eta badaude beste kantu batzuk espresuki emanaldi honetarako sortu dituenak, nire letrekin", gaineratu du.

Emanaldi "jolastia" dela azpimarratu du. "Publikoari ere eskatzen zaio batzuetan parte-hartze zehatz bat. Horrez gain, saiatu gara poemak normalean irakurtzen ez diren bezala irakurtzen. Adibidez, poema bat lehenbizi behetik gora irakurtzen dugu eta gero goitik behera, eta hor ustekabeko efektuak edo ustekabekoak sortzen dira".

Aurreko bi emanaldietan "oso harrera ona" izan dute, Bilboko Arriaga antzokian eta Barakaldon, eta gaurko ere "gogotsu" daudela diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak