Urriko osoko bilkuran liberatu ostean, Aitor Zubiagak lehen urratsak egin ditu Arrasateko Udalean eta gaurkotasun politikoa duten hainbat gairi buruzko hausnarketak plazaratu ditu, ohar bidez.
EH Bilduren lana
"Arrasatearren alde lan egiten" zentratuko da Zubiagaren egunerokoa. "Prestutasuna azaldu diogu Udal Gobernuari natura, pentsio, segurtasun edota bestelako gai garrantzitsuetan batera lan egiteko. Beraiek, ordea, ez dute gutaz ezer jakin nahi izan. Uste dugu 4.000 bozka baino gehiago eta zortzi zinegotzi izanda, kontuan hartu beharko gintuzketela, baina elkarlana ez zaie gustatzen, antza. Gure gogoa herritarrekin harremana indartzea da eta haien proposamenak eta arazoak Udalera eramatea, konpondu daitezen. Gure filosofia beti izan da elkarlana eta arrasatearrentzat lan egitea. Argazkietatik haratago dagoen lanean zentratzen gara gu. Gobernuak badaki Arrasate jasangarri, ekonomikoki orekatu eta aurrerakoi baten alde badela, ondoan edukiko gaituela herritarren arazo eta beharrei irtenbideak emateko".
Udalaren egoera
Zubiagak dio espero zuena baino "okerrago" aurkitu duela Udala: "Harritu nauena da gestore onak omen direnak Udala egoera eskasean daukatela ikusteak. Momentu honetan udaltzain plaza asko bete gabe daude eta arazoa asko luzatuko da; pertsonal-bururik ez dago; euskara teknikaririk ere ez; kontu-hartzailetzan pertsonal falta dago… Udal batean halako figuren faltak barne antolaketan eragin oso handia dauka. Komunikabideetako Udalaren irudia eta errealitatean gertatzen ari dena oso ezberdinak dira".
Lapurretak eta segurtasuna
Gai honen konponbidea "integrala" izan behar dela dio Zubiagak: "Konponbidea lanketa integral batetik etorriko da; udaltzainen lantaldea osatzeaz gain, Udalak lan egin beharko du herriarekin, eragileekin, oposizioarekin...". Udal Gobernua gaia desbideratzen ahalegindu dela dio: "Udaltzainen egoera prekarioa ezkutatu dute eta gaiaren lanketarik ez da egin. Hauteskunde kanpainan herria poliziaz josi zuten, eta fiskalak eta epaileak konponbideak ekarri behar zituztela agindu; zain gaude oraindik. Prentsan gaia desbideratzen saiatu da alkatea, inongo irtenbiderik eman gabe eta bere promesak ahaztuz".
"Argazkietatik haratago dagoen lanean zentratzen gara gu. Gobernuak badaki Arrasate jasangarri, ekonomikoki orekatu eta aurrerakoi baten alde badela, ondoan edukiko gaituela herritarren arazo eta beharrei irtenbideak emateko".
Lan gaitasuna, "mugatuta"
Alkateak helarazi berri dien instrukzio batek oposizioak udal informazioa eskuratzeko duen gaitasuna "murriztu" egin duela salatu du Zubiagak: "Alkateak idatziz instrukzio zorrotz bat bideratu digu, non gure informazio eskubidea noraino heldu daitekeen berak erabakiko duela jartzen duen. Herritarrek jakin behar dute oposizioak ezin duela bere lana ondo egin Udalaren datuak ezingo dituelako beti modu librean jaso, alkateak horrela erabakitzen badu. Hau da, oposizioak ezin izango du udaletxeko daturik kontrastatu, alkateak halaxe erabakitzen badu. Gauza askotaz komunikabideetatik enteratu gara. Gure lana Udal Gobernuaren gestioaren kontrola da eta informaziorik ezarekin lan hau egiteko eskubidea eta obligazioa mugatu nahi dute. Neurri erabat antidemokratikoa izan da eta ez gaude prest hau onartzeko".
Natura eta mugikortasuna
Arrasate "jasangarri eta osasuntsua" lortzeko "inertziak aldatzea" eta oinezkoei eta bidegorriei "lehentasuna ematea" proposatzen du Zubiagak: "Arrasatearrak autoaren dependentziatik ateratzeko proposamenak egiteko legislatura izan behar da hau. Espazio naturalen kalitatea hobetu behar dugu eta bizikletak eta garraio publikoak garrantzi handia izan behar dute". Naturarekin lotuta dio Udal Gobernuak ez duela plan integralik: "Zuhaitzak bota zituzten, horretarako beharrik ez zegoenean, baina propagandatik kanpo naturarekiko sentsibilitaterik ez dagoenean halakoxeak gertatzea normala da. Klimaren kontrako adierazpenarekin berdin, itxurakeria galanta, baina badakigu gero zein den beraien politika: erraustegia, AHTaren txikizioa…".
Kiroldegi berria
Kirol eskaintza herriko auzoetara hedatzea defendatu du: "Auzo guztiei eskaini behar zaie kirola egiteko gune bat, hori auzoak zaintzea ere badelako. Horregatik, Kirol Herria da gure proposamena". Musakolako kiroldegi berriari buruz dio ez dela agintaldi honetan gauzatuko, nahiz eta hautesleei hori "saldu" dien Gobernuak: "Musakolako kiroldegia? Bai, noski, baina ganoraz antolatutako kirol sare baten barruan. Kontu larria zera da, jende askok Gobernu hau botatu duela kiroldegiaren proiektuagatik. Gogoratu ez dutela eman ez kuotek zenbat balioko duten, ez beste inolako datu errealik. Komunikabideetan behin eta berriz azalduz, jendeari saldu zioten egingo ez den kiroldegi bat; ez, behintzat, agintaldi honetan. Zintzoa litzateke herritarrei gai honen inguruan egia esatea, askok uste baitute laster kiroldegi handi eta berri bat edukiko dutela".