Arce omentzeko eta 30 kandelei putz egiteko gogoz

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 18a, 14:19
Iñaki Maidagan –zuzendaria– eta Maialen Gonzalez –Goikobalu Txikiko zuzendaria– kandelekin, martitzeneko entseguan.

Hiru hamarkada pasa dira Goikobalu abesbatzaren sorreratik, eta zapatuan ospatuko dute, San Frantzisko elizan Mozart-en 'Requiem' abestuz. Abesbatzaren sortzaile izandako Jesus Mari Arce asteon zendu da, eta hura gogoan edukita abestuko dute. Hitzordua: zapatuan, 20:00etan, San Frantzisko elizan. 

Aste gazi-gozoa izaten ari da Goikobalu abesbatzako kideentzat. Gozoa, 30 urte betetzen dituztelako, eta hori ospatzeko Mozart-en Requiem abestuko dutelako. Baina gazia, astelehenean abesbatzako sortzaileetako bat hil zelako: Jesus Mari Arce. Hala ere, Celia Cruz abeslari kubatarrak zioen legez, abestea da atsekabeak uxatzeko modurik onena, eta, Arcek berak nahiko lukeen bezala, ozen abestuz emango diote merezitako agurra: 20:00etan, San Frantzisko Elizan.

"Batez ere, kontzertu hunkigarria izango da. Arce oso pertsona maitatua izan da koruko lagunen artean, eta presente izango dugu oso. Familiako kideekin egoterakoan, esan nien: 'Ziur nago, Jesus Mari ezagututa, Requiem-en kontzertua heldu arte itxaroten egon zela azken hatsa hartzeko", azaldu du abesbatzako zuzendari Iñaki Maidaganek.

SUDCen eskutik jaioa

Goikobalu abesbatza SUDC elkartearen ekimenez jaio zen. Elkarteak presidentez aldatzen zuen bakoitzean, herriak gabezia kulturalik zuen edo ez aztertzen zuten. Hala, 1989an, abesbatza baten beharra zegoela antzeman zuten.

"Arcek izan zuen abesbatza sortzearen ideia. Lagun talde batekin batera korurako partaideak bilatzeari ekin zioten, eta di-da batean adin guztietako 80 laguneko abesbatza osatu zuten. Goikobalu sortu aurretik, 70eko hamarkadan, Danok izeneko abesbatza bat zegoen herrian. Baina hau desagertu ostean, Elizako korua zen herriko abesbatza bakarra".

Maidaganek, ia mende laurden

Goikobalu Abesbatzaren lehen zuzendaria Luis Ignazio Ruiz de Alegria izan, eta 1996ean hartu zion lekukoa Iñaki Maidaganek, gaur egunera arte zuzendari gisa aritu denak. "Arrasaten ez genuen lan hori egingo zuen inor aurkitu, eta, Jimi-k gure eskaintza onartu zuenez, hura izan zen lehen pausoetan zuzendari rola bete zuena. Nik 1996ean hartu nuen lekukoa, urtarrilean. Abesbatza sortu eta urtebetera abeslari hasi nintzen, eta, handik lauzpabost urtera, zuzendari bilakatu nintzen". Ez da zuzendari konformista horietako bat, eta, koruko kideekin urte luzeak daramatzan arren, ez du trabarik izaten hauei zuzenketa konstruktiboak egiteko. "Dauzkadan abeslarien mailara egokitzen ahalegintzen naiz, eta gauza zailak baztertzen ditut. Baina egiten dugun hori ondo egitea gustatzen zait, eta zorrotza naiz koruko kideekin. Entseguetako lehen saiakeretan dena primeran irtetea zoragarria litzateke, baina beti dago zer hobetu. Kontziente naiz ez garela koru profesional bat eta, askotan, kideak nekatuta heltzen direla entseguetara. Baina gauzak gaizki egiten badira, ez da beldurrik eduki behar zuzentzeko, eta ondo ateratzen direnean, ostera, txalotzeko".

Kalitatezko ibilbidea

Abesbatza baten ibilbidearen kalitatea neurtzea ez da gauza erraza, baina bidean pilatutako emanaldi esanguratsuak edo sariak horren adierazle gisa har daitezke. 1992an German Torrellas-en zuzendaritzapean Vivaldiren Gloria abestu zutenetik, asko izan dira interpretatu dituzten maisulanak, eta horietako asko, gainera, ospedun orkestrekin batera. Aipagarrienak, hauek: Beethoven-en 9. Sinfonia, Kiev-eko Orkestra Sinfonikoarekin batera; Karl Orff-en Carmina Burana, Errusiako Orkestra Sinfonikoarekin batera; Berlioz-en Te Deum, Mozart-en Requiem, Faure-ren Requiem, Dvorac-en Te Deum eta Mozart-en Missa Solemne, Letoniako Orkestra Sinfonikoarekin batera; Donostiako Musika Hamabostaldiaren estreinako ekitaldian, Rachmaninoffen Bezperak obra, Donostiako Orfeoiarekin batera.

Sarien zerrenda ere ez da batere makala. Batzuk aipatzearren: Zaragozako Ejea de los Caballeros herriko lehiaketako lehen postua, 1991n; Tolosako Abesbatzen Lehiaketan lehen postua, 1995ean; lehen saria Murtziako Cieza herriko txapelketan; Errioxako Autol herriko txapelketa, 2000n; eta Madrilgo Vaciamadrideko herriko lehiaketa, 2006an.

[ZUZENKETA: Rakel Ruiz beharrean Maider Ruiz da]

Arrasatetik harago

Herri abesbatza bat izateko bokazioarekin jaio arren, Arrasateko mugetatik kanpo asko mugitu izan den abesbatza da Goikobalu. Gehienbat, Euskal Herrian eta Espainian zehar, baina baita nazioartean ere: Galesen eta Ingalaterran, 1991n; Frantzian; Argentinan birritan, 1998an eta 2006an; Italian, 2004an; eta Portugalen, 2016an. Espainian zehar leku askotan aritutakoak dira, baina aipamen berezia merezi du 25. urteurrenean egin zuten Donejakue Bide kantatu birak. "Zatika egin arren, bost urteko epean Donejakue bidea egin genuen, geltoki bakoitzean kantaldi bat eginez", azaldu Juan Antonio Barriocanalek.

2009ko otsailaren 21ean Orreagan ekindako bideari Santiagon eman zioten amaiera, 2014ko maiatzaren 2an, leku hauetatik igaro ostean: Orreaga, Iruñea, Burlata, Najera, Santo Domingo de la Calzada, Burgos, Fromista, Carrion de los Condes, Leon, Astorga, Ponferrada, Villafranca del Bierzo eta Santiago.

Huesca eta loteria

Abesbatzak egindako azken bidaietako batean, gauza bitxi bat gertatu zen.

"Huescara joan ginen abestera, bertako koru batekin batera. Kontzertu amaieran, harreman publikoen rola egiten aritu nintzen, bertako koruko lagunen ezagunak agurtzen, eta gogoratzen dut jota bat ere kantatu nuela nik bakarrik. Baina protokolo kontu horietan murgilduta nenbilen bitartean, hango koruko lagun batzuk loteria txartelak saltzen aritu ziren, eta, nik eta beste seik izan ezik, Goikobaluko guztiek erosi zuten. Bada, abenduaren 22an Loteriaren Sari Nagusia egokitu zitzaion Huescako zenbaki hari, eta txartel bakoitzeko 82.000 euroko saria jaso zuten. Batzuek hiru txartel erosi zituzten; beraz, pentsa zer-nolako aurpegia geratu zitzaigun batzuei".

Gaur egungo argazkia

Gaur egun, Goikobalu Abesbatza 100 lagun inguruk osatzen dute. Haur abesbatza 5 eta 14 urte bitarteko 40 neska-mutilek osatzen dute eta helduen taldean, aldiz, 18 eta 76 urte bitarteko 60 kantari daude. Une honetan, Arizmendiko Gaztelupe gunean daude behin-behinean, baina, laster, egoitza berria izango dute Juan Arzamendi Musika Etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak