Zapatuan egingo dute Mondranbike martxa, Biteri plazatik abiatuta

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 17a, 20:40
Mondranbike martxaren 2016ko irudi bat.

Berrikuntza modura, hirugarren ibilbide bat jarri dute, Extreme, 40 kilometro eta 1.800 metroko desnibela daukana. 09:00etan izango da irteera, Biteri plazan.

Parte-hartzaileek hiru ibilbide izango dituzte aukeran: motza, luzea eta Extreme. "Azken hau izan da aurtengo berritasuna. Honen ezaugarria da, batez ere, asko ibili gura duenarentzat izango dela. Tellamendi inguruan izango da, paisaia politetan. Desnibela handia da, 1.800 metro inguru, eta pentsatzen dugu kontuan hartzeko desnibela dela, horregatik jarri diogu Extreme izena", dio Aitor Arostegik, antolakuntzako kideak.

Beste biak, luzea eta motza, aurreko urteetako tankerakoak izango dira, Arostegiren esanetan. "Luzeak enduro estiloko jaitsierak ditu, bidezidorretatik, eta teknikoki bere zailtasunekin. Motza ere buelta polita izango da. Luzeko bidezidor horiek ez, beste batzuk izango ditu, guztiek egin ahal izateko modukoak direla iruditzen zaizkigunak eta teknikoki horren zailak ez direnak", azaldu du.

Izen-emateekin, pozik

Eguaztenean amaitu da online izena emateko aukera, eta antolatzaileak pozik azaldu dira. "200 izen-emate inguru ditugu, oraingoz. Aurreko urteetan ez du hainbeste jendek izenik eman aurrez. Eguraldia ere nahiko ezegonkorra izango dela dirudi, eta, hori kontuan izanda, oso gustura gaude", dio Arostegik.

300 parte-hartzaile izango dira, gehienez, zapatuan. "Normalean, egunean bertan ere jende askok eman ohi du izena; erdiak, gutxi gorabehera. Aurten, eguraldiak ere baldintzatuko du, agian, baina guk, betiko moduan, aukera eskainiko dugu egunean bertan izena emateko, 300 izen-ematetara iritsi arte".

Antolakuntzak, hainbat ohar

Besaide Mendizale Elkarteko mendi bizikletako sailak antolatzen du. Urtean zehar lauzpabost lagun aritzen dira antolatzen, baina egunean bertan boluntario lanak egiteko sare bat lotuta izaten dute, eta 20 bat lagun aritzen dira laguntzen. Ohartarazi dute Besaideko iturria hondatuta dagoela, eta aurrez ondo betetzeko ura; horrez gain, diote Uarkapeko dutxak 15:00ak arte egongo direla irekita. Amaieran, luntxa egingo dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak